Felipe Eizagirre.
ARRAUN-MINEZ

Déjà vu

2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Esango nuke hau guztia aurrez ere bizi izan dudala. Edo amestu egin dudala inoiz. Hondarribia eta San Juan liga nagusien jabe, Bermeo eta San Juan bera Kontxan garaile... Tira, déjà vu bat izango nuen! Lelokeriak utzita, bada, noan San Miguel ligaren errepasotxoa egitera.

Hondarribiaz esan beharrekoak esanda ditugu. Ze erremedio, banderarik etxeratu ez duen astebururik ez baita izan liga osoan. Ez daukat hitzik gehitzeko, Zorionak! baino. Gutxiago jaso baina merezi ez dituena Urdaibai da, aurtengo Poulidor. Betiereko bigarrenaren meritua ez datza bigarrena izatean, hala behin eta berriz izatean baizik. Estropada joan, estropada etorri, kolpea hartu, kolpea jaso, hurrengoan ere beti bezain lehiakor, badaezpada; eta hurrengoan... Zerbaitengatik irabazi ditu, gero, irabazitakoak! Txalogarri Orio eta Kaiku ere. Aritu egin behar zen beste bi haien kontra, eta ez dira kikildu aukera izan dutenean.

Patroi onenaren sariari zentzurik hartu ezinda nabil, baina aurtengo irudiak argi izpitxoa behintzat eman dit. Saria talde bereko bi patroiek eraman izanak, sari hori, patroientzako baino, taldearentzako behar duela iradoki digu. Zentzu gehixeagorekin, maillot zuriak elkarte onena adieraziko balu, orduan ere merezi izandako soinetan leudeke aurten guztiak; halakoxeekin bukatu baitute sanjuandar bi traineruek.

Igandeko estropada osteko halako irudiak ditugu aurtengo ligaren isla. Horra beste hiru: Anjel Etxaniz zumaiarra negar zotinka. Hitzak soberan zituen! Osertz Aldaik tosta lagunak agurtzeko modua; elkartearen izaeraren irudia. Izaera horrek irabazi du aurten liga. Eta bermeotarrek hondarribiarrak, bigarrenek garaileak txalotzeko modua; aurtengo ligaren izaeraren irudia. Izaera hori irabazi du aurten ligak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.