Nekea pilatuz joateko balio izaten dute horrelako etapek itzuli handietan. Oso garaiz sortu da ihesaldia, haizeak aurrez aurre jotzen zuen, eta horregatik ibili gara hain motel. Baina etapa amaierak egiten edo onartzen dituztenei kritika egin nahiko nieke gaurkoan. Uste dut oso gutxi pentsatzen dutela gugan. Ulertzen dut ikusgarritasunaren eta show-aren alde egitea, baina tarteka txirrindularion osasuna ere buruan edukiko balute... Ez da normala esprint guztietan erorikoak egotea; hori ez da txirrindularion errua bakarrik.
Ventosok irabazi zuen etapan eta gaur [atzo] euria egin balu, atzetik joaten den autoa bakarrik iritsiko zen helmugara. Ezin da onartu halakorik. Txirrindulari batzuk erori ondoren ere, atzetik lasaiago zihoazenak irristatuz igaro dira bihurgune horretatik. Italiako errepideak ez dira Euskal Herrikoak bezalakoak; hemen gasta-gasta eginda egoten dira, eta asko labaintzen dira gurpilak. Ez da posible 250 kilometro zuzen-zuzen egin ondoren, horrelako zirkuitu batean sartzea. Soka batek poltsikoan sartutakoan baino bihurgune gehiago zeuzkan zirkuituak. Norbait, hankaz gora joatea gustatzen zaiela ematen du. Eta segi egunero amaiera horiekin tematuta!
Ni oso kritikoa naiz horrelako kontuekin, eta ez naiz isilik geratzen. Baina inork ez digu kasurik egiten. Nork aztertzen ditu ibilbide hauek? Ikuskizuna nahi dutela? Ados. Baina ez iezazkidazu jarri 70 bihurgune azken 500 metroetan! 250 kilometro igaro ditu Skyk lanean, baina alfer-alferrik izan da. Taldekideekin oso haserre zegoen Cavendish amaieran, Flecharekin bereziki. Ez zuen sartu nahi hain aurrean azken bihurgune horretan. Bazekien erorikoren bat izan zitekeela, eta, hala gertatuz gero, erreakzionatzeko denbora eduki nahi zuen. Garrasika zihoan, taldekideei polikiago joateko esanez, baina ez diote entzun. Nahi ez zuen postuan sartu da Cavendish bihurgunean, eta akabo.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Cavendishen amorrua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu