Uste baino itsusiagoa. Beste derbi bat ikusiko nuelakoan nengoen aurretik. Lotua ez zela izango esan nuen, eta hori bete egin bazen ere, jokoan bizitasun handiagoa espero nuen. Baina jokalariek ez zuten zehaztasunez erabili baloia; Sadar zaharrean ez da erraza izaten baloiaren lagun izatea, tarte gutxi dagoelako eta denak elkarren gainean pilatzea errazagoa delako. Baina gehiago espero nuen. Epaileak ere ez zuen asko lagundu erritmoa bizitzen, falta asko adierazi zituelako. Eta faktore nagusia: Athleticek ezin izan zuen bere ohiko jokoa egin, erritmo bizian oinarritzen duen hori, Osasunak ez ziolako utzi.
Luze jotzera behartu zuen. Besteak beste, Iraizozi ez zion utzi gertu zituen jokalariei motzean ateratzen. Atzetik hasi ohi da Marcelo Bielsaren taldearen jokoa. Paseak paseari kateatuz ekiten dio, eta berdin segitzen du, baina zelaian aurrera doazen neurrian, abiadura bizitu egin ohi du. Osasunak obraren lehenengo harria jartzen ere ez zion utzi: Iraizozek luze jo beste aukerarik ez zuen eduki. Luze jo, eta baloia berriz ere zelaira erortzen zenean, Athleticek hartzen bazuen, Osasunako zelai erdiak ito egiten zituen aurkariak presioarekin. Ezin, bada, motzean jokatu eremu horretan ere. Nahi ez bazuten ere, luze jo behar. Eta aurrean Llorente falta, halakoetarako baliabide egokiena.
Baloia urruti galtzera. Osasunak Athletici zer galarazi zion esan dugu. Baina, jakina, Jose Luis Mendilibarren jokalariek ere zerbait egin beharko zuten baloia berreskuratu eta gero. Errazetik jo zuten. Besteetan ere ez da asko zailtzen diren taldeetako bat, eta igandean are gutxiago. Oso garbi zeukaten zer egin behar zuten. Eta zer hori agindu honetan oinarritu zen: baloia galtzekotan, bere areatik ahalik eta urrutien galdu behar zuten. Esan eta egin. Horrekin, bi gauza lortu zituzten: batetik, baloiak leku arriskutsuetan ez galtzea, eta, bestetik, Athleticen ezaugarri nagusietakoa indarge uztea: presioa goian egiteko aukera kendu zion.
Geldikako jokaldien garrantzia. Horrela joan zen lehen zatia. Athletic oso deseroso, ohiko jokoa egin ezinda. Eta Osasuna oso praktiko jokatzen, baina etxeko partidetan sortu ohi duen arriskua sortu ezinda, ez behintzat beste neurketetan sortu ohi duen hainbeste. Eta halakoetan, kontu txiki bezain handietan hartzen dute alde baterako edo besterako bidea partidek. Geldikako jokaldiak izan ohi dira itxita dauden ateak zabaltzeko giltza. Osasunak bitan baliatu zuen aukera hori. Bi gol, bat Ander Iturraspek bere atean sartu bazuen ere. Ikusgarritasun handirik gabe, aurretik zen, eta nabarmen, Osasuna. Bien bitartean, bi gol horiek oraindik eta deserosoago utzi zuten Athletic.
Baloiaren jabetza eta kontraerasoa. Horra bi taldeen baliabideak bigarren zatirako. Bielsarenak baloi beharrean zeuden, eta arrisku handiak hartuz, lortu zuten zenbait unetan helburua (horrekin, presioa berreskuratu zuen). Gutxitan izan zen, egiari zor, baina arriskua sortzeko hainbeste bai. Osasunak, berriz, atzean sartu zuen bere burua, edo Athleticek sartu zion, baloiaren jabe egin zenean. Kontuak kontu, kontraerasoa bilakatu zen Mendilibarrenen baliabidea. Llorenteren gola paseen loturak ekarri zuen. Baita beste aukera batzuk ere. Eta Osasunak lehia erabakitzeko parada izan zuen kontraerasoan. Bi bide horietatik, estu joan zen neurketaren amaiera.
Eredu ezaguna. Igandean Osasunak aukeratu zuen jokatzeko eredua ezaguna egin zitzaidan. Pentsatu nuen neure baitan: «Baditu antzekotasunak Caparrosen Athletic harekin». Atzo goizean, sarean bueltaka nenbilela, ohiko geldialdia egin nuen Eñaut Barandiaranen Hamaika hitz baloi baten atzetik blogean. Gomendagarria da oso bertan sartu-irtena egitea. Hara non, Barandiaranek ere alderaketa bera egin du: igandeko Osasunak Caparrosen Athleticen baliabideak erabili zituen. Sarritan hemen idatzi izan dudan bezala: dena da futbola. Eredu batzuk politagoak edo itsusiagoak izango dira, nork aztertzen dituen, baina futbolean bide asko daude irabazteko. Horietako bat izan zen Caparrosen Athleticena, eta igandeko Osasunarena.
Aulkitik begira
Caparrosen moldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu