Juanma Garate.
Euskal Herriko Itzulia. Guadalupetik

Caja Rural tropeletik tiraka!

2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Jokaldia ez zaigu ondo atera; huts egin dugu, eta kito. Tom Jelte [Slagter] ez da ibili uste bezain ondo; nik ez nuen uste azken igoera Putxetatik gora zenik; eta zuzendaria ere okerreko bideetan ibili zen azken igoera ikustera etorri zenean. Bide zabaletik igoko genuela uste nuen, eta huts egin dut; ez dut jakin izan taldekideei informazioa ondo ematen. Gu baino indartsuago dago jendea, hala ere, eta ihesaldietan sartzen saiatu beharko dugu aurrerantzean, Arrateko igoera ere aurrean daudenentzat delako egokiagoa.

Baina guri buruz ez, Caja Rurali buruz hitz egin nahiko nizueke gaur. Oso azkarra izan da hasiera, mundu guztiak sartu nahi zuelako ihesaldian. Une batean bi txirrindulari joan dira aurrera, eta, zer izango eta, Caja Rural hasi da lanean atzean. Harrigarria izan da; sinetsi ezinda geratu naiz. Egunotan protagonista izan dira, izugarrizko lana egiten ari dira, baina aukera bakar bat ere ez dute galdu nahi. Ametsekin [Txurruka] hizketan joan naiz hasieran, eta ezetz, lasai joateko asmoa zeukala esan dit. Bolada ona iristen denean, ordea, nahigabe lortzen da, ia-ia, ihesaldietan sartzea.

Ametsek mendiko sailkapena beste gauza bategatik irabazi nahi duela uste dut, ordea. Tarteko helmugetakoa bakarrik irabaziz gero, Euskaltelen publizitatea eraman beharko luke maillotean, eta nola egingo du ba hori behin Caja Ruralera joanda! Horregatik ariko da hain kaskagogor mendiko puntuen bila. Bromak alde batera utzita, bihar [gaur] atseden hartu beharko du, Beasaingo etapan berriz ere ihesaldian sartzeko. Puntu asko egongo dira jokoan, eta taldeak ez du galdu nahiko podiumera igotzeko aukera. Dena den, orain arte pilatu dituen puntuekin ere hortxe-hortxe ibiliko da. Egiten ari diren lanarekin, argi erakusten ari dira Vueltara joatea merezi dutela.

Henaoren eta Betancurren azken ukituari buruz, berriz, muga-mugakoa izan dela esango nuke. Hori bai, Betancurrek ez dauka kexatzeko arrazoi askorik, bera ere ez delako tropeleko txirrindularirik garbiena. Aste honetan, esaterako, Beñat Intxaustirekin eduki du ika-mika handia. Bide bazterrera bota zuen, pentsa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.