Euskal Herriko Itzulia. Bigarren etaparen kronika. Guadalupetik

Bulegoan berorik ez, ezta?

Juanma Garate.
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bero handia egin du etapa guztian, eta badirudi antzeko eguraldia izango dugula hurrengo etapetan ere. Euskal Herriko Itzulian ez da normala horrelako eguraldia izatea, eta udaberriko beroarekin badakizue zer gertatzen den: alergiak, arnasa ezin ondo hartu, ezina... Tropelean jende askok esan du itota zihoala, ezin zuela gorputza bere onera ekarri. Eta horretan eragin nabarmena izan du haize faltak. %80an zoazenean, ez da nabaritzen arnas falta hori, baina bete-betean hasitakoan, bai. Bulegora lanera joateko berdin izango zaizue, ziurrenik, hotza edo beroa egiten duen. Baina, ikusten duzuenez, txirrindularien artean eragin handia dauka.

Gainerakoan, lasterketa oso azkarra izan da. Tentsio handia nabari zen jaitsieren aurretik tropel buruan postu ona hartzeko. Hori bai, espero zen bezala Azpirotz izan da epailea. Ikusiko zenuten ziurrenik, baina amaiezina da Azpirozko azken zuzengunea, eta batzuk konturatu direla uste dut. Uranek erasoa jo du hasieran, baina ezinean geratu da Azpirotz gainera iristeko 700 metro inguru falta zirenean. Movistarrek sortu du zalaparta azkenean, eta zoriontzekoa da talde guztiak egin duen lana, bost txirrindulari pasatu baitira lehen taldean Azpirotz gainetik. Talde sendoa osatzen dute, eta pozten naiz Kiryienkak irabazi izanaz.

Faboritoen artean, berriz, lider aldaketa izan da, eta Purito bera ere poztu egin dela esango nuke. RadioShackek hartu beharko du orain ardura, eta ezkutuan lasaiago ibiliko da bera. Garminen mugimendua, berriz, tropelean bertan ere ez dugu oso ondo ulertu. Hesjedalen aldeko apustu sendoa egin dute, eta egia da lider ona dela. Baina ez dut uste beretzat etaparik aproposena zenik. Guri dagokigunez, saiatu gara Gesink aurrean mantentzen, eta Azpirotzen nahiko txukun ibili dela uste dut.

Eta hirugarren etapari buruz zer? Lehen bi etapen ondoren, gure aukera iritsi dela esango dizuet. Iheslariak helmugara iristeko etapa aproposa da, eta bai Barredo eta bai ni saiatuko gara aurrean ibiltzen. Gogotsu gaude biok, eta helmugara iritsi baino lehen aldapa motz baina gogor bat dagoenez (%10eko batez bestekoa ere badauka zati batean), saiatuko gara garaipenaren jokoan sartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.