Uztailean hain luze ikusten genuen San Miguel liga amaitu da. Kontxako Bandera jokatu aurretik ligako postuak erabakita zeudela esan daiteke, eta asteburu honetan jokatutako azkeneko bi estropada hauek tramite hutsa izan dira. Aldi berean beste bi estropada erabakigarri jokatu ziren, San Miguel ligan aritzeko kanporaketakoak, hain zuzen ere. Sailkapen ofizialak dioenaren arabera, Oriorekin batera agur esan behar diegu Camargori eta ongietorria eman Portugaleteri eta Zierbenari. Hala ere, beste sailkapen bat ere badago, Urdaibairen auziaren gaineko epaileen erabakia zein izango denaren arabera ofiziala izango litzatekeena. Azken hori aintzat hartuz gero, bermeotarrek esango liokete agur liga nagusiari.
Gure denboraldia, laburrean esanda, nahiko ona izan da hasieran geneukan helburuari dagokionez. Beti goiko postuetan ibili gara sailkapenean, eta ohorezko txandan aritu gara ia estropada guztietan. Baina egia da zorte pittin bat falta izan zaigula gutxienez bandera bat irabazteko. Beraz, denboraldia zuri amaitzen dugu atal horretan, eta hori ez da hain pozgarria izaten. Polita da sasoia banderaren batekin amaitzea.
Denboraldi honetan zehar asteroko nire ideien leihotxoa izan den hau ere hemen bukatzen da, eta, noski, ez nuke amaitu nahi eskerrak eman gabe. Lehenik eta behin, eskerrak BERRIAri, zutabe hau idazteko eman didan aukeragatik. Ondoren, mila esker arraun taldetako jarraitzaile guztiei, eta, bereziki, Pasai Donibaneko herriari. Gainera, gaur beste esker berezi bat eman nahiko nuke. Azken lau urtetan gure entrenatzaile izandako Igor Makazagak arraun mundua utziko duela jakinarazi berri digu. Bere asmatze eta okerrekin arraunlari nahiz pertsona bezala hazi gara, eta argi dago bere hutsa nabarituko dugula. Zorte ona opa diot hemendik aurrerakoan. Azkenik, eskerrak eman nahi dizuet irakurri nauzuen guztiei ere, espero dut nik adina gozatu izana. Agian hurrengo denboraldian berriro elkartuko gara. Esker mila, eta laster arte!
Trapailazko olatutik
Bukatu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu