Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Bukaerak

2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Hasierak izan zen nire bigarren zutabearen izenburua. Bikote harremanez aritu nintzen orduan; jarraipen onik ezean hasiera onek ez dutela ezertarako balio nioen. Duela bi hilabeteko lehen estropadetatik joan dira hainbat palada, ergometro saio, ur trago eta izerdi tanta... eta argitu dira hainbat misterio. Hamaikagarren zutabearentzat, Bukaerak izenburua aukeratu dut, denboraldi bukaera begi bistan baitugu arraunlariok, eta batzuek behintzat lortu dute ligak ongi hasi eta hobeto bukatzea.

Badakigu jada zein den Euskotren ligako txapelduna. Bandera, garaikurra, eta urdin koloreko txapel eta elastikoak jaso zituzten Batelerek Zarautzen. Ligako zortzi estropadetatik zazpi lortu dituzte, eta bakarra geratu da Hibaikarentzat. Euskotreneko erreginak 2014, 2015, 2016, 2017 zioen kartel batek igandean, Pasai Donibanen. Jardunaldi bat falta dela, Gipuzkoako Traineru Liga ere eskuratu dute. Ez dut gogoko beti talde berek irabaztea; emozioa galtzen dela iruditzen zait, baina meritua ezin zaie kendu harroxei.

Badakigu jada zein den KAE-1 Ligako txapelduna. Azken bi jardunaldietan ere garaileak izan dira donostiarrak. Igandean, Bilboko XXL. estropadako eta ligako banderak jaso zituzten, Marijaiaren bueltan. Ligako hamabi trapu etxeratu dituzte, eta, iaz bezala, igoerako kanporaketara doaz, Santurtzirekin batera.

Ez dakigu oraindik zein den TKE Ligako txapelduna. Hori bai, asteburuan Orio izan da erregularrena, eta Zarauzko XL. Bandera eraman du herrira.

Talde eta taldekide bakoitzak izaten du bere borroka, eta asko izango ziren bakoitzak lortutako erronka txikiak, ziur nago. Azken xehetasunak fintzeko garaia da. Iristear da bukaera. Iristear da onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.