Julen Gabiria.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Bjorg

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bjorg Lambrechtek bete berri ditu 25 urte, joan den larunbatean hain justu. Bezperan Lizarran lo egin, hantxe esnatu urtemuga biribilaren aparretan, eta garaile ospatu nahi izan zuen eguna, garaikurra Indurainen eskuetatik jasota.

Zorrotz zaindutako izenetako bat zenez, hobe zuen beste faborito guztiekin batera azken astinduen zain geratu, are gehiago kontuan hartuta ibilbideko mendate guztiak kendu zituztela goiz hartan bertan, elurragatik; baina lehen kilometroan egin zuen ihes, helmugarako 191 falta zirela, eta tropelak, sinesgaitz, esperantzarako tartea oparitu bazion ere, denek zekiten alferrik zebilela. Bere taldeak, Lotto Soudalek, kapritxo horretarako baimena eman zion: mutil jatorra da, irabazle petoa izateko jaioa (tamalez, irabazle gazte gehiegi dituen belaunaldi batean jaioa), oraindik ere galantak eman behar dituen harribitxi horietako bat, eta, beraz, baimena eman zioten urtebetetzea nahi zuen moduan ospa zezan: eta ospa, literalki egin zuen ospa.

Sorpresa gutxi: azkena helmugaratu zen, beste behin ere agerian utziz, ziklismoan zein bizitzan, gauzak nekez izaten direla justuak, zeren, bestela, 25 urte betetzen ari den txirrindulari batek eskubidea izan beharko luke besoak altxatzeko, batez ere jakinda (eta tropel osoak zekien, jakingo ez zuen ba) Bjorg Lambrechtek nolako gogoa zuen Nafarroan irabazteko, duela hiru urte bigarren geratu zenetik Euskal Herriko Itzuliko etapa bat Nafarroan amaitu zen azken aldian, Gorraizen. Batez ere jakinda (eta tropel osoak zekien, jakingo ez zuen ba) Bjorg Lambrecht duela hiru urte hil zela, Euskal Herriko Itzuliko etapa bat Nafarroan amaitu eta lau hilabetera, 22 urterekin, sekula 25 betetzeko esperantza galduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.