Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Bisitariak

2017ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Suitzar Mendian ibili nintzen aurreko batean. Badakizue, Igeldoko jolas parkeko atrakzio hori; eta ez, ez da Errusiar Mendia, ez, suitzarra da, ongi dakit nik hori. Ez daramatzat alferrik bederatzi urte Irutxuloko Hitza aldizkarian lanean, Donostiako historia ezagutuz, istorioak bilatuz eta gaur-gaurko gaiak jorratuz.

Egunotan, oporrak eman dizkidate lanean, baina ez daukat kanpora joateko tarterik. Denboraldi bete-betean gaude arraunean... Hala ere, entrenamendu saioa iritsi aurreko orduak libre izanik, ibilalditxo bat egin nuen ostiralean, lau taldekiderekin. Hernanin geratu ginen goizean goiz, ur botilak ongi beteta, eta oinez abiatu ginen Aieterantz: «Supermerkatua egiten ari diren horretan zegoen lehen Donostialdeko diskotekarik ezagunenetako bat», «hemen nonbait dago Hernaniren eta Donostiaren arteko muga», «hor aurrean goi mailako sukaldaritza eskola dago», «anfiteatro handi bat ikusiko dugu»... Isildu gabe aritu nintzen. Erakutsi beharra nuen, nonbait, donostiar peto-petoa naizela. Oiartzunen bizi den arren, azpeitiarra da Ohiana, eta bera ere erdi bisitari zebilen inguru horretan. Pozik ibili ziren Patri, Desi eta Ainoa —horrela idazten du, ez diot h hizkia nik kendu—. Galiziatik eta Valentziatik etorri dira geurera arraun egitera. Belenekin batera, eta kirolari finak direla erakutsi digute. Etxekoek osatzen dugu traineru berdearen gehiengoa, baina ezinezkoa litzaiguke Maialen aurten uretan izatea, haien bultzadarik gabe.

Ontzi askotan daude kanpoko arraunlariak, eta politagoa iruditzen zitzaidan gure txangoa kontatzea, Espainiako Txapelketarekin edo larunbateko estropadako irteeren kontuarekin haserretzea baino. Bihoakie, bada, gure bisitariei gaurko zutabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.