Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Bikini

2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Berritasun gutxi egon dira azken estropadetan, eta lagun on baten laguntzari heltzeko eguna iritsi zait.

Zutabeak idazten hasiko nintzela esan nionean, proposamenak eskatu nizkion izena jartzeko, eta bere ideia zaparradatik atera nuen aukeratua: Bikin gora! Aste batzuetara, nire imajinazioaren mugen beldur, bere buruari erronka bat jartzeagatik, edo laguntzeagatik, errekurtso gisa zutabe bat ere idatzi zidan: Bikini. Hondartza zalearen Bikini operazioa eta arraunlarion Platanito operazioa parez pare jarri zituen. Lehenak, izter, ipurdi eta sabelari begira, bainujantzia duintasunez eramateko modua bilatzen duela dio. Bigarrenak, berriz, kilo jaitsiera kirol medikuaren edo dietistaren aginduetara egiten duela azaltzen du.

Horrela da, helburu estetikotik harago, indartzeko eta gantza jaisteko daramagu arraunlariok gure eguneroko sufrikarioa. Kexatu, ezin gara kexatu; guk egin dugu aukera, eta badakigu saria zein den: tostartean sartzea eta lehiatzea. Kirolarioi eskatzen zaigu, bada, gorputza parametro batzuen barruan izatea; hondartzarako gorputza izateko, ordea, nahikoa da gorputz bat izatea eta bainujantzia janztea. Zoritxarrez, baina, hor agertzen zaizkigu konplexuak, maiz.

Duela bost urteko argazki bat zabaldu du nire kuadrillako batek egunotan. Gazteagoa nintzen, baina kilo batzuk gehiago neramatzan soinean, eta baten batek zalantza egin du ni ote nintzen. Orduan, ez nuen oso gustura janzten bikinia... orain, hondarretan etzateko tarterik gabe, izterretan ageri zait edozein arraunlari identifikatzeko moduko eguzki marka, batere gustatzen ez zaidan hori. Beti badugu zerbait.

Hondartza zale, arraunlari, Hemendik At taldeak abesten zuen moduan.... Egin ezazu gustukoena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.