Jolasa baino ez zen. Gaur, azken olatuaren azken aparra desagertu zenetik bi egunera, ia kontsentsuz esan daiteke: jolas hutsa baino ez zen. Ezer gutxi dute jokoan orain munduko nazioek, estatuek, bidaiatuz sendatzen diren nazionalismoek, euren aberriaren handitasuna sare artean sartutako baloi baten arabera neurtzen duten zaleek: jada ez dago ezer jokoan. Jolasa da geratzen den gauza bakarra. Baina hasieratik zen horrela: aspaldiko Errusia 5 - Saudi Arabia 0 hartatik, eta historian izan diren errekreo guztietatik.
Amaitu da denontzat: plazerez erretzen duzuenontzat eta kea ezinbestean irentsi behar izaten dugunontzat. Betor orain hilabeteko bakea, nazioarteko batailak albo batean utzi eta zuen ligetako hiriarteko gerra barregarrietan murgildu artekoa behintzat. Datozela orain, gehienez ere, hondartzetako partidatxoak, araurik gabeak, arratsaldeko itsasbeheran, beti gure oroimenean geratuko direnak: ez Wembley, ez Luzhniki, ez Maracana, baizik eta, adibidez, Bidarteko hondartza.
2011tik hona, Bidarteko hondartzatik igarotzen naizen bakoitzean, beti gogoratzen naiz Soto, Zeberio eta Diego Lazkanok lau bordelesen kontra jokatutako partida harekin. Nola utzi zituen atzean Sotok: lehena, gerri-jokoari esker; bigarrena, irrist eginarazita; hirugarrena, baloia hanka tartetik sartuta; eta laugarrena, autopase batekin. Eta badoa Soto arerioen aterantz, jokaldiaren narrazioa eginez aldi berean, eta geratzen da porteriako marraren gainean, egoeraz gozatzen du, mundua geldiarazten du. «Ez zen estadio jendetsuetako opioa futbola», dio Canok, «baizik eta izpiritua asetzen zuen jolas betea». Tarteka ondo baitago gogoratzea: jolasa baino ez zen.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI
Bidarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu