Txapeldunen Liga berriaren final-zortzirenak ez dira parekatuak izan. Lehen partidan erabakitako kanporaketak egon dira, eta finalerdi itxurako bi. Beste egoera batean finalerdietan aurrez aurre egon zitezkeen bi talde bidean gelditu dira: Liverpool eta Atletico Madril. Baina bi kanporaketa oso on eskainita.
Bertutea akats bihurtu zen
Arne Slotek zuzentzen duen Liverpool kameleoi baten parekoa da. Halaxe erakutsi zuen Printzeen Parkean. Faboritoaren rola alde batera utzi, eta bloke baxuan kokatu zen. Hain atzean egon zen sartuta, Mo Salahk ez baitzuen atera jaurti partida osoan. Allisonek erakustaldia eman zuen eta, eta PSGren ekinaldiei eusteaz gain, Liverpoolek 0-1ekoa lortu zuen.
Baina Ingalaterrako taldeak partidaren plana aldatu zuen Anfielden. Slotek zelai osoan zehar PSGko jokalari guztiak parekatu nahi izan zituen, bere hiru aurrelariak presio ahalegin luzeetara behartuz. Liverpoolen lerroen artean distantzia handia egon zen, eta Vitinhak hor aurkitu zuen bere taldea aurrera ateratzeko tokia. Hala, Dembelek eta Barcolak korrika egiteko metroak izan zituzten. Nahiz eta kanporaketa penaltietan erabaki, Liverpoolek arbelean galdu zuen.
Final-laurdenetan Aston Villaren aurka neurtuko dituzte indarrak frantziarrek. Ziurra da Unai Emeryren helburu nagusia PSGren hegalekoek korrika ez egitea izango dela. Aston Villaren ezaugarri nagusia da oso talde laburra dela. Brujasen aurkako joaneko partidan, hain zuzen ere, 33 metro luzeko bloke ertainean finkatu zen. Bere defentsa lerroaren bizkarreko espazioa ondo zaindu beharko du, PSG kanporatzeko aukera izan nahi badu.
Baloi jabetza eta kontraerasoa
Aurkaria edozein izanda ere, baloiaren jabetza Arsenalena da. Artetaren taldea da gaur egun lotura laburrak sortzeko gaitasun handiena duena. Pase motzen bidez baloia mugituz, PSV hondoratu zuen. Zazpi gol sartu zizkion joaneko partidan. Eta ez, Merino ez da aurrelari moduan jokatzen ari. Merino erronbo baten punta da, eta irudi geometrikoa Ricek, Odegaardek eta Parteyk osatzen dute.
Arsenalen hurrengo aurkaria Real Madril izango da. Baloia ez duen partidetan, Real Madril ez da deseroso egoten. Ancelottik aspaldian errentagarritasun handia aurkitu du 1-4-4-2 pasibo batean finkatu eta aurkariari metroak emanez. Hala Vinicius, Mbappe eta Rodrygo kontraeraso bizian ateratzeko. Arsenal talde fidagarria da atzeraka egiten duenean. Baina Real Madrilek Metropolitanon, Atletico Madrilen aurka, ia ez zuen akatsik egin defentsako lanean. Halaber, erakutsi zuen Txapeldunen Ligan beti aurkitzen dituela bideak aurrera egiteko.
Arriskuak neurtzea
Dortmund eta Lilleren arteko kanporaketa bi joko-eredu kontrajarriren arteko lehia izan zen. Lillek bere estilo konbinatiboa aldarrikatu zuen. Gainera, presioan oso oldarkorra den talde baten aurrean, erakutsi zuen era guztietako erregistroak menperatzen dituela baloia atzetik jokatuta ateratzeko. Halaber, gertutik jarraitu beharko da Ayyoub Bouaddi jokalariak egiten duen bidea. 17 urte baino ez ditu, eta bere gain hartzen du taldea dinamizatzeko ardura. Bai Bouaddik, bai Lillek, garesti ordaindu zuten esperientzia falta. Arrisku gehiegi hartu zituzten egungo txapeldunordearen kontra.
Dortmundek Bartzelonaren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Dortmunden eta Lillen artean, alemaniarrena zen aukerarik txarrena Flickek zuzentzen duen taldearentzat. Baloia behar ez duen taldea da alemaniarra, baina Lille baino oldarkorragoa defentsako lanetan. Baloirik gabeko 1-4-4-2tik abiatuta, kontraerasoan izango dute bere aukera. Niko Kovacek Pascal Grob eta Sabitzer Pedri eta De Jong hartzera bidaltzen baldin baditu, Dortmundek arazoak izan ditzake lerro artean agertuko diren Dani Olmorekin eta Rapinharekin. Bloke ertain batean jartzea da aukerarik onena. Orain Dortmundi dagokio hartu beharreko arriskuak neurtzea.
Bi historiko aurrez aurre
Bayern Munichen eta Inter Milanen arteko kanporaketak gako nagusi bat izango du: Alemaniako taldeko erdiko atzelariek, Kim Min-Jaek eta Upamecanok, estu hartu beharko dituztela Lautaro Martinez eta Marcus Thuram, Bayernek nagusitu nahi baldin badu.
Bayernek, bai erabiltzen duen 1-4-2-3-1 egituragatik, bai bere futbolarien ezaugarriengatik, zatitzeko joera du baloia galtzen duenean. Haren hiruko lerroa Comanek, Musialak eta Olisek osatzen dute, eta zorrotza da aurrera egiteko metroak dituenean. Euskarri bikoitzari atzera egitea baino gehiago gustatzen zaio balioa mugitzea. Beraz, Alemaniako taldearentzat funtsezkoa izango da oreka aurkitzea.