Emakumezkoen Txapeldunen Ligan ez da formatua aldatu, ezta joerak ere. UEFAk aste honetan iragarri bazuen ere 2025-2026ko denboralditik aurrera abian jarriko dela Emakumezkoen Europako Kopa, egia esan, parte hartzen duten taldeen arteko aldea oraindik ere oso handia da gaur egun.
Celticek eta Galatasarayk lehen aldiz jokatu dute multzoen fasea, eta ez dute punturik lortu. Turkiarrak A multzoan lehiatu dira, eta azkenak amaitu dute. Golei dagokienez, -27ren aldea izan dute sei partidatan. St Poltenek ere ez du punturik batu, D multzoan. Austriarrek, dena den, multzo gogorra zuten. Izan ere, Bartzelona eta Manchester City azken partidara arte lehiatu dira multzo horretan lehen postuan amaitzeko.
Lyon berria
Udan, Sonia Bompastor entrenatzaileak utzi egin zuen Olympique Lyonen aulkia, eta Chelseara joan zen. Bada, horren ostean Frantziako taldeak zer bilakaera izango zuen ikustea bilakatu da txapelketako arretagune nagusietako bat. Aurreko denboraldian, Txapeldunen Ligako finalera iritsi zen Lyon, eta klubak Joe Montemurroren aldeko apustua egin zuen. Oraingoz, haren futbol eredua Europako sendoenetako bat da. A multzoko liderrak izan dira, eta gol bakarra sartu diete.
Aurreko denboraldiko zutabeei eusten dien arren, entrenatzaile australiarrak ñabardura oso interesgarriak gehitu ditu eraso posizionalean. Euskarri bikoitzaren rola izan da berritasun nagusia. Izan ere, haren posizioa zabaldu dute, eta alboetara gerturatu. Asmoa: kanpotik aurrera egitea. Damaris Egurrolarekin batera, Marozsan jokalari alemaniarra funtsezkoa da gaur egun Lyonen.
Aldi berean, erasoko hegalak ixteko joera hartu dute, barruko korridoreetatik sakontasunez eraso egiteko. Diani, Chawinga eta Dumornay oso eroso dabiltza rol horretan. Ada Hegerbergek ere testuinguru oso egokia aurkitu du Montemurroren ereduan. Aurrelaria zelai erdira gerturatzen da, eta erdilarien eremua betetzen du kanpora ateratzen direnean. Hala lortzen du aurkariaren defentsa lerroa aurreratzea, aipatutako hegalak izan daitezen erasoko emari nagusiak. Wolfsborg ere sailkatu da A multzoan. Alemaniarrak talde handia dira, baina, final-laurdenetan, batez ere Lyonen urratsei jarraitu beharko genieke.
Bizitza paraleloa
Badirudi Chelseak eta Lyonek bizitza paraleloa dutela orain. Ez da kasualitatea, Sonia Bompastorrek asmatu egin baitu Lyonen zuen estiloa Chelsera eramaten. Bi taldeek antzeko estatistikak dituzte: multzoen faseko sei partidak irabazi dituzte, biek guztira hemeretzi gol sartuta. Chelseari, ordea, bost gol gehiago sartu dizkiote. Oinarrizko sistema bera erabiltzen dute, 1-4-2-3-1 marrazkia. Hala ere, egiteko modua oso desberdina da.
Ingalaterrako taldeak oraingoz ez ditu aurkitu bere bertute onenak baloia edukitzeari dagokionez. Azken jardunaldian, Real Madrilen aurka, kosta egin zitzaion partidarako prestatua zuen plana garatzea. Real Madrileko entrenatzaileak, Alberto Torilek, bloke ertain bat jarri zuen, eta Chelsea deseroso egon zen. Gainera, Chelseak %55eko baloi jabetza baino ez du batez beste. Ez da asko Premier Leagueko liderrarentzat.
Sendotasuna lortu ez ezik, gol sena piztu ere egin du Bompastorrek euskarrietan. Horien artean Nusken nabarmendu da. 23 urteko jokalari alemaniarra taldeak egiten duen presio oldarkorraren ardatzetako bat da. Entrenatzaileak beste Damaris Egurrola bat aurkitu du. Cuthbert beteranoak lagundu ohi dio, baina Kaptein ere, 19 urtekoa, postu horretan sartzen ari da. Bi gazteak golak sartzen ari dira bigarren lerrotik iritsita.
Agnes Beever-Jones ere golak sartzen ari da. Lau daramatza denboraldi honetan. Chelsea, beraz, Mayra Ramirez baino gehiago da. Gaztetasuna du bertuterik handiena.
Batzuk besteak bezain bikain
C eta D multzoetan lehia handiagoa izan da lehen postuan nork amaitzen zuen erabakitzeko. C multzoan, Arsenalek hamabost puntu eskuratu ditu, eta Bayern Munichek hamahiru. Are parekatuagoa izan da D multzoa. Izan ere, Bartzelonak eta Cityk hamabost punturekin amaitu dute. Baina Herrialde Katalanetako taldea izan da lehena, Cityren aurka jokatutako partidetan izandako gol aldea tarteko. Pere Romeuren taldea zapaltzailea da oraindik ere, eta datu ikusgarriak ditu: 26 gol alde eta hiru aurka sei partidatan.
Herenegun jokatu zuten bi taldeek elkarren aurka, eta Ingalaterrako taldeak nabaritu egin zuen bere izarraren hutsunea, Khadija Shawrena. Jamaikarrak hamar gol sartu ditu txapelketa guztiak batuz. Gareth Taylorrek hamaikakoa berregituratu behar izan zuen hura ordezkatzeko.
Cityk, dena den, mendean hartu zuen Bartzelona multzoen faseko bigarren jardunaldian. Partida hartan, Miedemarekin batera, Park funtsezkoa izan zen zelai erdian, Walsh eta Patri Guijarro estutzeko. Baina Khadija min hartuta dagoenez, Parkek aurrelari moduan jokatu behar izan zuen herenegun.
City talde alaia da. Aurrelari erabakigarriak izateaz gain, elkarren artean jokoa lotzeko ahalmen handia duten jokalariak ditu barrutik. Horien artean Hasegawa da buru. Badute buruz buruko jokaldietan trebea den futbolari bat ere, partidak desorekatzen dituena: Aoba Fujino. Nahikoa argudio dira horiek Txapeldunen Liga honetako ikusleak gozarazteko.