Bera Bera eta Beti Onak Espainiako Kopako finalerdietan izango dira bihar. Gipuzkoarrek 20-18 hartu dute mendean Ro’Casa, lehen zati txar bat jokatu arren. Bihar Porriño izango dute aurkari finalerako sailkatzeko partidan (16:00, Teledeporte). Ezustea eman du, berriz, Beti Onak taldeak, ligako liderra, Guardes, kanpoan utzita (26-22), eta bihar Granollersen aurka neurtuko ditu indarrak (18:15, Teledeporte).
Bera Bera izan da lehiatzen aurrena. Ro’Casak hobeto ekin dio partidari, 2-0 jarri baita aurretik. Azken partidetan gertatu bezala, Bera Berari argitasuna falta izan zaio erasoan, eta Lulu Guerra atezainak ere gelditu bikainak egin ditu—sei guztira lehen zatian—. Bosgarren minutua gertu zela lortu dute lehen gola donostiarrek, Micaela Rodriguezen jaurtiketa on bati esker. Bera Bera bizi jokatzen saiatu da, eta kontraerasoan ateratzen, hori baita komeni zaion jokoa. Baina ez du lortu. Ro´Casak, berriz, nahiago izan du jokaldiak gehiago landu, eta luzeago jokatu. Ondo atera zaio apustua.
Bi taldeek hutsak egin dituzte, batez ere erasoan. Hiru gol baino ez dira egon lehen 10 minutuetan. Defentsak nagusi izan dira, erasoen aurrean. Halako txapelketa bateko aurreko partidan izan ohi den tentsioa antzeman da. Baina Ro’Casak lau golen aldea lortu du 18. minutuan: 7-3. Bera Berak, haatik, zuloak topatu ezinik jarraitu du, aurkariaren defentsa oldarkorrari eta zorrotzari aurre egiteko. Horma baten parekoa izan da.
Horri konponbideren bat topatu nahirik, Ogonovszky eta Arrojeria atera ditu Imanol Alvarezek. Azkenerako neurketako jokalaririk onena izan da Ogonovszky. Hungariarrak sei gol sartu ditu guztira. Defentsan ere koska bat gorago igo beharra zuen Bera Berak. Hala egin du, eta horri esker 3-0eko partzial bat lortu du. Dena den, donostiarrek huts egiten jarraitu dute. Horren seinale, lehen zatian zortzi baloi galdu dituzte. Hala, lehen zatia bi gol atzetik amaitu dute: 9-7.
Bigarren zatian bestelako itxura bat eman beharra zuen Bera Berak finalerdietarako sailkatzeko. Ondo hasi da. Baina, nahiz eta gol batera jarri, bizpahiru aukera galdu ditu norgehiagoka berdintzeko. Kostata bada ere, azkenean lortu du. 38. minutuan izan da: 11-11. Erauskinek sartu du gol hori. Aurretik ere jartzea lortu du segidan Donostiako taldeak, bi golez, gainera: 13-11. Defentsan hobeto aritzea erabakigarria izan da. Abantailak patxada apur bat eman dio, eta bere jokoa egin ahal izan du, biziago jokatuz. Hala, zuloa ireki du: 18-12. Funtsezkoa izan da hor ere Erauskinen ekarpena, beste bi gol sartu baititu hegaletik. Gainera, Ro´Casa kamuts aritu da erasoan. Hiru gol baino ez ditu sartu bigarren zatiko lehen 20 minutuetan.
Gainera, epaileek txartel gorria atera diote Kanaria uharteetako taldeko Maria Zalduari, Ogonovszkyri egindako falta gogor batengatik. Aurretik beste txartel gorri bat zeraman taldeak, lehen zatian Martina Langi ere atera baitiote. Entrenatzailea ere zigortu dute protesta egiteagatik, eta bi minutuz bi jokalari gutxiagorekin jokatu behar izan dute. Baina Ro`Casak ez du amore eman, eta berriro partidan sartu da. Lau minutu falta zirenean, bi golera zeuden: 18-16. Ia gol batera ere jarri dira, baina bi penalti huts egin dizute, bat kanpora jaurtita eta bestea Lucia Prades atezainak geratuta. Azkenean, Arrojeriaren gol batek utzi du erabakita sailkapena. Hori bai, behar baino gehiago sufrituta.
Beti Onak, bikain
Eguneko azken partida izan da Beti Onak taldearena. Estreinako aldia du Kopako azken fasean. Ez zuen erronka erraza finalerdietarako bidean, Guardesen aurka jokatu behar baitzuen —Ligako egungo liderra—. Galiziarrek partida bakarra galdu dute sasoi osoan. Baina nafarrak ondo hasi dira, defentsan sendo, baloi bakoitza ondo borrokatuz, eta Olaia Luzuriaga atezainaren ekarpenarekin. Sei gelditu egin ditu lehen zatian. Erasoan, halaber, ausart. Hala 5-3 aurreratu dira. Lucia Zamorak sartu du Beti Onak taldearen bosgarren gola, 13. minutuan. Guardes ez zegoen eroso.
Pena izan da, hurrengo minutuetan nafarrek ezin izan baitute errenta hiru golera handitu, bizpahiru aukera izan baitituzte horretarako. Azken minutuetan neurketaren erritmoa handitu egin da, eta 25. minutuan Guardesek partida berdindu du: 8-8. Baina nafarrek ondo jokatzen jarraitu dute, eta atsedenaldira bi goleko errentarekin joan dira: 11-9.
Bigarren zati hasiera joan-etorrikoa izan da, eta horrek mesede egin dio Guardesi. Hala, 13na berdindu du partida. Beti Onak-en Almudena Rodriguez izan da erasoan ondoen aritu dena.Baina Beti Onak-ek bazekien zein zen bidea, eta defentsan sendo jarraituz, 4-0eko partziala lortu du, eta ordu arteko alderik handiena lortu du 39. minutuan: 18-13. Ezustekoa emateko bidean ziren nafarrak. Errentak horrek patxada eman die, eta ondo kudeatu dute. Horretan lagundu dievaurkariaren baloi galerek eta Olaia Luzuriagaren geldituek. Areagotu ere egin dute: 22-17. Eta, azkenean, balentria lortu dute.