Oinez gaur. Udaberri egun erabatekoa. Txirrindulariak Zarauztik irten orduko nolabait probestea onena. Mandubiko Benta helburu. Zumarragatik Antioko baselizara aurrena; Izazpiko magaletik, Atxurtzako lepoa igarota, Kizkitzako ermita hurrena. Hain dago argi eguna, ia itsasoa ere ikusten baita. Kuku kantua dator Aginaga aldetik; zozoa ere entzuten da, identifikatu ezin ditudan txorien kantuak ere ugari. Okila enborra zulatzen ere bai, Kizkitzaren magalean. Zer ez…
Mendi ibilietan beti kanturen bat buruan, eta kantuan neu ere: «Bentatik nator, bentara noa; bentan da nire gogoa». Mikel Laboari ezagutua nik. Ultzama inguruan Resurreccion Maria Azkuek jasoa izan zela, XX. mendearen hasieran. Lasai noa, astiarekin eta goxatuz. Deloreanen bertsio elektronikoa sakelakoan. Aise noa mendian, katerik gabe.
Meaga, Andazarrate, Santa Ageda, Mandubia, Alkiza, Gaintza eta Lazkaomendi. Gaurko etapako zazpi mendateak. Guztiek izan dute inoiz ostatu, jatetxe edo bentarik; Andazarrate izango da egun halakorik ez duen bakarra. Halere, geroz eta benta gutxiago daude herrixketan, mendatetxoetan eta muinoetan.
Eguerdiko ordu bata inguru. Txirrindulariak irteteko prest izango dira. «Bentatik nator, bentara noa…».Txistuka sartu naiz Mandubiko Bentan. Aitaren zain. Hura autoz dator, elkarrekin bazkari-pasada egin dezagun.
Ziztu bizian pasatu dira Mandubitik aurrenekoak; «Bentan da nire gogoa…», barne kantuan tropelean doazenak.