Euskal Herriko Itzuliko emaitza bikaina izan da, batez ere podiumeko argazkian alboan izan ditudan bi txirrindulariei erreparatuta, Alejandro Valverde eta Alberto Contador, biak ala biak txirrindulari bikainak dira, garaipen asko lorturikoak, horregatik diot oso pozik nagoela haiekin igo naizelako podiumera. Aurtengo hirugarren postu hau ezberdina da 2015eko ekitaldikoarekin alderatuta. Lehenbiziko hura berezia izan zen, lehen aldia izan baitzen. Eta bi urte geroago hura errepikatzea, zale hauen aurrean eta talde berri batekin, izugarria da. Euskal Herriko Itzuli honetan gertatu zaidanguztia benetako opari bat da. Aurreneko aldian emandako kirol mailari eutsi diot, baina taldea aldatu dut, eta punta-puntan jarraitzen dut, Contadorrekin eta Valverderekin lehiatzen. Berri bikaina da.
Oso ondo sumatu dut neure burua azken erlojupekoan. Sentsazioak onak izan dira aste osoan, eta hala izan dira azken egunean ere. Gorako bidean, Elgetarantz, indarrak neurtu egin ditut. Beherakoan hauspoa bete dut, eta amaieran ahalik eta indartsuen joan naiz. Zuzendariaren autotik iristen zitzaizkidan erreferentziak onak ziren, eta esker ona adierazi behar diot taldeari. Lan bikaina egin dute kide guztiek. Erlojupekoren bat duten astebeteko itzuliak ondo egokitzen dira nire ezaugarrietara, eta gaur eman dudan mailak, eta emaitzak, konfiantza handia ematen didate hilabete honen amaieran jokatuko dudan Erromandiako Itzulira begira.
Eta zaleei buruz zer esan? Etxean, Euskal Herrian lehiatzea beti da berezia, eta zaleek egiten dute berezi. Haiek ikusgarri egon dira aste guztian, astelehenean hasi eta gaur arte, hutsik egin gabe. Tropeleko txirrindularien izen guztiak dakizkite, denak ezagutzen dituzte, berdin dio etiopiarra edo japoniarra izan, eta tankera horretako keinuak taldeetara iristen dira. Horrek hunkitu egiten gaitu benetan, eta izugarri eskertzen dugu. Handiak dira!
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA
Benetako oparia da hau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu