Lehen erlojupekoan, 52 segundo galdu zituen eta, Pico Villuercas mendatean, minututik gora. Ben O’Connor (Decathlon) sailkapen nagusian 23. postuan zegoen gaurko etapa hasterako; Primoz Roglic (Bora) liderrarengandik ia bi minutura. Bada, gaur, ihesaldian sartu da, 27 kilometro falta zirenean bakarrik alde egin du, eta, Yunquerako helmugan, sei minutu eta erdi atera dizkio liderraren taldeari. Orain, Decathloneko australiarra da lider, eta 4.51ren aldea ateratzen dio Roglici.
Itzuli handi batean lider izateak baditu alde txarrak ere: egunero podiumera igo behar du, prentsari jaramon egin, haren taldeak lasterketa kontrolpean izan behar du... Finean, liderraren elastikoa eramanez gero, ezin izaten da berdin atseden hartu. Horregatik, faboritoren bat aurreneko egunetan lider jartzen bada, ohikoa izaten da ihesaldi apal bati bidea egiten utzi eta liderraren maillota apropos galtzea. Ez da hain ohikoa, ordea, Ben O'Conorren mailako ziklista bati horrelako aldea ateratzen uztea.
Australiarrak laugarren amaitu zuen 2021eko Frantziako Tourra, eta postu berean sailkatu da aurtengo Italiako Giroan. Vuelta hasterako, hautagaien zerrenda batzuetan ere ageri zen. Baina laugarren etapan, Pico Villuercasen, denbora galdu ostean, bazirudien bere taldekide Felix Gallentzat aritu beharko zuela lanean —hura bosgarren izan zen etapa horretan—. Gaur, ordea, irauli egin du sailkapena, eta, orain, Roglic eta gainerako faboritoek gogotik egin beharko dute lan O'Connorri maillot gorria kendu nahi badiote.
Gaur bistakoa zen ihesaldiak bidea egin zezakeela, eta, aurreko egunetan ez bezala, txirrindulari ugari saiatu dira alde egiten. Lehen mendatea igotzen hasterako, bazirudien ihesaldia osatuta zegoela, baina gailurrera iritsi orduko harrapatu dute 32 ziklistako taldea. Tropela haiengana iritsi aurretik, ordea, talde horretan zihoazen zenbaitek aurrera jo dute berriz ere. Eta, azkenean, hamahiru ziklistako talde bat geratu da buruan. Tartean zen O'Connor; Kern Pharma taldeko Urko Berrade iruindarra eta haren taldekide Pablo Castrillo, Pelayo Sanchez (Movistar) eta Jay Vine (UAE) ere bai.
Bigarren mendatean, helmugarako 60 kilometro baino gehiago falta zirenean, lasterketa buruko taldea hautsi egin da. O’Connorrek eta Gijs Leemreizek (DSM) aurrera jo dute, eta Sanchez, Berrade eta Marco Frigo (Israel) atzetik abiatu dira. Baina hala zenbait kilometro egin ostean, ez dute lortu bikotea harrapatzea. Eta, hurrengo mendatean, Decathlon taldekoak bakarrik egin du aurrera. Hortik aurrera ibilbidea baino ez du izan aurkari. Helmugan, Frigo iritsi da bigarren, 4.33ra, eta Florian Lipowitz (Bora) hirugarren, 5.12ra. Berradek zortzigarren amaitu du, eta Jon Aberasturik (Euskaltel) Vuelta utzi du, gaixorik.
Bihar, Vueltako zazpigarren etapa jokatuko dute: Archidonatik abiatu, eta Kordoban amaituko da. 180 kilometroetako lehen 140ek ez dute zailtasun handirik. Azken berrogei kilometroetan sartuta, ordea, eguneko mendate puntuagarri bakarra igaro beharko dute. Helmuga lehen aldiz pasatu ostean hasiko dira Alto del 14% (7,4 kilometro eta %5,6ko pendiza) igotzen. Igoeraren izenak ez du haren batez besteko pendiza islatzen, azken kilometroarena baizik. Beraz, litekeena da zati horretan mugimenduak egotea.
Behin jaitsiera amaituta, hamar kilometro inguru faltako zaizkie helmugarako. Beraz, etapa aproposa izan daiteke Wout van Aerten (Visma) pareko ziklistentzat, igoeretan txukun moldatzen diren txirrindulari azkarrentzat; baita ihesaldi bat izateko ere. Halere, biharko etapa baldintzatu dezaketen faktoreetako beste bat beroa izango da. Kordoba ingurua abisu horian dago bero handiagatik; 40 gradu ere izango dira, eta horrek ez die berdin eragiten ziklista guztiei. Ez litzateke harritzekoa izango sailkapen nagusiko lehian ari direnetako batek denbora galtzea.
Vadillo, seigarren
Espainiako Vueltaz gain, Etorkizunekoen Tourra ere jokatzen ari dira. Aurten, bigarrenez, emakumezkoen lasterketa ere antolatu dute. Atzo hasi zen, eta lehen mendiko etapa egin dute gaur. Hartan, seigarren amaitu du Eneritz Vadillo gorliztarrak, eta sailkapen nagusian postu berean doa. Haren taldekide Idoia Eraso, ostera, 25. postuan dago. Eta, gizonezkoetan, Iker Mintegi hamalaugarren dago. Etorkizunekoen Tourra 23 urtez azpiko ziklistentzako Frantziako Tourrarren moduko zerbait da, eta larunbatean amaituko da bai emakumezkoena bai gizonezkoena.