Jon Ander De la Hoz.

Belusezko goizak

2024ko irailaren 17a
05:00
Entzun

Deigarria da nostalgiak duen joera ustez itxitako ateak zabaltzeko. Ezarian-ezarian, Demis Roussosen berri izan nuen egunaz oroitu naiz berriki. Duela hamalau urte pasa izan zen, Getariako arraun elkartearen aldagelan. Han hasi zen Iker taldekide beteranoa triki,triki eta triki jo eta su. Hura jo eta su, eta gainontzekoak jo eta ma. Zertan ari zen galdetuta, «Velvet mornings, motel. Gazteak zarete, eta...». Taldekide hark 34 urte zituen orduan; goiko sinaduraren jabea, aldiz, adin nagusitasuna urratzear zen. Nagusienak azaldu zion belusezko goizen esanahia.

Urteak igaro egiten dira, ordea, eta egun norbera da Ikerren orduko adina ia harrapatu duena. Denboraren egungo perspektiba izango da, edo orduko inozentziaren talaia, baina lorpen sonatuenak gerora heldu arren, lehendabiziko traineru urte haiek oroitzen dira puruenak. Ilusio aratz batekin bizi izan zirelako akaso. Belusezko goizen pareko, beti egun berriak zer ekarriko.

Ordutik gaurdainoko goiz guztiak ez dira belusezkoak izan, inondik ere ez, baina utzi dute beren arrastoa. Ustez itxitako atea berriz zabaltzeraino egin ere. Orain bizpahiru aste, aldagelan, ontzi nagusian estreinatu berri den mutilaren begirada harrituarekin topo egindakoan bezala: «Zer ari haiz triki eta triki kantari?». Arraioa, Demis. «Velvet mornings, motel. Gazteak zarete, eta...». 

Berriz Roussos. Taldekide horrek hamalau urte barru bizardun horrena kontatzen badio beste hasiberri bati, aldagela xume horretan garaipenik garrantzitsuena lortu den seinalea izango da: belaunaldi aldaketen bidezko iraupena. Belusezko goizetan berrituko da Esperantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.