Nerea Zusberro Alberro.

Beldurraren Eurokopa

2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Hausnarketa ia aho batekoa dela esan genezake; Eurokopa eskasa izan da ikusgarritasunari dagokionez. Selekzio gehienak beldurti agertu dira eta ez dute haiengandik espero zen maila eman. Txapelketa amaitu ondoren, zergatiak aztertzeko unea da.

Eraso azkarren garrantzia

Txapelketan zehar sartu diren golen %72k bost pase edo gutxiago izan dituzte. Hau da, kontraeraso edo eraso azkar baten ondorio izan dira. Datuek futbolak hartu duen norabidea berresten dute. Maila taktikoan, espazioak menderatzea erabakigarria da. Arlo teknikoa eta fisikoa inoiz baino gehiago gainjartzen dira. Baloiaren jabetzan oinarritzen den futbola ahaztuta dago. Espainiak eta Alemaniak final aurreratua jokatu zuten final-laurdenetan eta euren burua berrasmatzen jakin dutela erakutsi zuten.

Selekzio bakar batek erakutsi du pasea argudio nagusitzat duela, oraindik. Suitzak txapelketako golik koralena lortu zuen final-zortzirenetan Italiaren aurka. 32 pase eman zituen guztira. Agian beste batzuek duten kalitate diferentziala falta izan zitzaien txapelketan aurrera egiteko.

Gazteen balioa

Futbol berri honek gero eta jokalari goiztiarragoak sortzen ditu. Garai bateko posizio-futbolaren testuinguruan, garrantzitsuagoa zen jokalarien heldutasuna, adimen taktikoa eta pasearen zehaztasuna. Gaur egun leherkortasuna, potentzia eta definizioa dira nagusi.

Arda Gülerrek Turkiako lidergoa hartu du. Ballinghamek Real Madrilen emandako mailari eutsi dio. Partidako azken minutuan gola egiteko duen gaitasuna etxeko marka bihurtzen ari da. Mainook, 19 urterekin, Ingalaterra beste dimentsio batera eraman zuen hamaikakoan sartu zenean. Lamine Yamal Eurokopa batean gola sartu duen historiako jokalaririk gazteena da, 17 urte bete baino lau egun lehenago. Bai berak bai Nico Williamsek eragin zuzena izan dute Espainiaren arrakastan.

Oldarkortasunak saria du

Golen ia herenak baloia aurkariaren zelaian lapurtu ondoren gertatu dira. Proposamen oldarkorrek saria jaso dute. Egungo futbolak intentsitate handiko presio-ahalegin laburrak eta biziak eskatzen ditu. Berriz ere, betetasun fisikoa funtsezkoa da.

Hala ere, golen ia %30a erdiraketa baten ondorio zuzena izan dira. Georgia, Eslovakia edo Eslovenia, besteak beste, erresistentziaren eredu izan ziren, baina laster geratu ziren bidean. Lehiakorrak agertu baziren ere, proposamen erreaktiboek ez dute arrakastarik izan. Golen %16a area kanpotik iritsi dira. Arearen defentsan talde indartsuak daudenez, baliabide berriak bilatu behar dira.

Gaur egungo joerak

Portugal eta Frantzia erdibidean geratu ziren arlo guztietan. Southgate garaiz harrotu zen. Ingalaterrak bere lehentasun guztiak irauli zituen final-laurdenetan. Areako defentsa lehenestetik aurkariaren zelaian erasokorra izatera igaro zen. Eraso luze, aspergarri eta horizontalak sortzetik, azken metroetan arina izatera pasa zen. Ez dugu inoiz jakingo zenbateko garrantzia izan zuten sentsazioek eta zenbatekoa datuek, estatistikak; baina argi dago Ingalaterra hobea izan zela joerei jarraitu zien heinean. Iraultzak finalera eraman zuen, baina ez zen nahikoa izan Espainia garaitzeko. Talderik ausartena izan da txapeldun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.