Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Batetik hamarrera

2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Hamar hausnarketa txiki egin ditut Frantziako Tourrari agur esateko:

Bat: Parisera iritsi garen aitzakiarekin, bertso txar batekin bukatzeko ohitura izaten dut, baina aurten ez daukat horretarako arrazoirik, eta hurrengo baterako utziko dugu; batzuk zain egongo ziren akaso, baina beste batzuek eskertuko dute!

Bi: Wigginsen nagusitasuna, eta baita Skyrena eta, oro har, Ingalaterrako txirrindularitzarena ere bai. Txirrindularitza berri baten hasiera izan daiteke.

Hiru: Bi oilar oilategi berean egoteak arazoak sortzen ditu. Ikuslearentzat, pena izan da Wiggins eta Froome talde berean egotea, ikuskizuna ederragoa izango zelako talde banatan egon balira.

Lau: Deigarria lehen hamarren artean egon den aldea; laugarrenak hamar minutu galdu ditu, eta seigarrenak, ordu laurden. Gogortasunaren seinale da hori. Azken sailkatuak, berriz, ia lau ordu gehiago behar izan ditu.

Bost: Hautagai asko lehiatik at geratu da erorikoen eraginez, eta salagarria da hori. Antolatzaileek hausnarketa egin beharko lukete. Mendateak lehenago sartzea izan daiteke irtenbidea?

Sei: Haimar Zubeldiaren lana. Seigarren postua, eta euskaldunik onena. Sarritan kritikak entzun ditu erasorik jotzen ez duelako, baina sailkapen nagusia lehiatzearen ondorioa da hori. Baloratu beharrekoa bere lana.

Zazpi: Euskaltelen lana, goraipatu beharrekoa. Bost taldekide soilik geratu ziren lehen astean, eta lan bikaina egin dute. Helburuak ez dituzte bete (hamar lehenetan sartzea eta etapa bat), baina harro egon daitezke.

Zortzi: Tourra amaitzen dutenek merezitako oporraldia izaten dute orain, baina gainerakoek orain hasi beharko dugu gogor lanean, Klasikoa, Vuelta eta gainerakoak hor daudelako oraindik.

Bederatzi: Zirrara berezia sortzen dit Tourrak, eta geroz eta gertuago dago 2013koa.

Hamar: BERRIAko irakurleei eskerrik beroenak, eta laster arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.