Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Banan-banan, ziur

2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Espero zena eman du etapak. Oso gogorra izan da eguna, eta kosta egin da ihesaldia sortzea. Ez geneukan oso argi ihesaldia helmugara iritsiko zen edo ez, baina bertan egotea zen gure eginkizuna, hori delako etapa irabazteko aukeretako bat. Eta, zoritxarrez, ez gara gai izan. Indarrak sortu du ihesaldia. Bigarren mailako mendatearen gainean sortu da, eta tropeleko bederatzi txirrindulari indartsuenetakoak sartu dira bertan. Ihesaldiari denbora gehiegi ez ematea erabaki du Skyk, eta onartu beharra dago oso-oso maila altua eman dutela tropelaren aurretik iritsi direnek. Bi aldiz igo behar izan dugu Alpe d'Huez, eta meritu handia daukate Riblonek, Van Garderenek eta Moserrek.

Sailkapen nagusia lehiatzen ari diren txirrindulariek, berriz, nahiko egun gogorra izan dute. Bizi ibili gara, eta garaipena aurrean zegoen arren, sailkapena estu dago oraindik. Irabazlea Froome izango da, hori dago argien. Baina hortik atzera, airean dago dena; podiuma erabaki gabe dago, lehen hamarren artean zein sartuko diren ere bai... Alpe d'Huezeko bi igoerak oso gogorrak izan dira, mendate horixe delako Frantzian daudenen artean gogorrenetakoa, eta pattalaldi txiki bat izan du Froomek. Baina ez du galdu denbora gehiegi, eta bitxikeria gisa geratuko da. Erabat kontrolpean dauka dena, bost minututik gorako atzerapenarekin dagoelako gertukoena.

Sky taldeak hobera egin du, gainera. Pirinioetan nahiko ahul ikusi bagenituen ere, azken urte edo hilabeteotako dinamikara itzuli dira Alpeetan. Oso erraz kontrolatu dute lasterketa, eta Froomek nahiko taldekide bazeuzkan aurrean azken-azken unera arte. Denbora pixka bat galduta ere, beraz, ia-ia ez da izan aldaketarik sailkapenean. Txakalaldietarako tartea ere badauka liderrak, pentsa.

Eta aurrera begira jarrita, biharkoa [gaurkoa] bai izango dela benetan gogorra! Alpe d'Huezekin, bukaeran geneukan gogortasuna gaur [atzo], baina Glandon eta Madeleine igoz ekingo diogu bihar [gaur] etapari, pentsa... Zaleentzat, agian, ez dira ezagunenak, baina txirrindulariontzat, bai. Beste behin ere eginda nago etapa hori bera Tourrean, eta banan-banan iritsi ginen helmugara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.