Konturatu orduko, azken eguna; errepidearen ertzean tropelari begira jarri eta txirrindulariak igarotzen diren suzko abiada berean igaro da Itzuliak irauten duena ere. Eta, kontuan hartu, inoizko abiada azkarrenean joaten dira txirrindulariak egun. Hala adierazten dute txirrindulariei ezinbesteko bihurtu zaizkien ditxosozko abiadura eta potentzia neurgailu-trasteek.
Doazen lekura doazela ere errekorrak eta markak, bai lasterketetan, baita entrenamenduetan ere; gero Strava delako aplikazioan harroxkoki erakusten dituztenak. Abiada erabatekoan igotzen dituzte egun talentudun txirrindulariak profesionaletara ere, berehalakoan eskatzen dizkiete emaitzak babesle komertzialek eta taldeetako nagusiek; txirrindularitza kate oso bat baita, abiada hori sarri presa itogarri bihurtzen da. Elitekoak ez diren taldeak, lasterketa txikiagoak, amateur eta gaztetxoen probak eta egiturak... dira kaltetuenak.
Zutabea idazten jarri naiz, konturatzerako iritsi da Healy Gernika-Lumoko helmugara. Azkarregi doa dena.
Kontraesana irudi lezake, txirrindulariak ahalik eta azkarren joatea baitu ments, baina Alex Aranburuk berak esan du, oraintsu, dena doala azkarregi. Denek nahi dutela izan beti aurrean, taldeen presioa izugarria izaten dela, eta horrek ezinegon handia sortzen duela nola tropelean bertan hala txirrindulariaren buruan ere.
Oraintsukoa da albistea: euskal txirrindularitzak 23 urtez azpiko beste talde bat izango du: Smartlog. Jon Odriozola izango du zuzendaria, eta gauza bat eskatu du: denbora eta presarik eza.
Emango ahal diote!