Juanma Garate.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

Autoari helduta errazagoa da

2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Trantsizioko etapa izan dela esango duzue, eta, tira, bai, hala izango zen orduko 50 kilometroko abiaduran ibili ez bagina! Oso azkarra izan da etapa, lau laguneko ihesaldia sortu delako eta etengabe beherako joera zeukalako errepideak. Skyk ez zeukan txirrindulari asko kontrol lanerako, baina tarteko helmugara iritsi aurretik bertan behera utzi dute ihesaldia, Cavendishek puntuak har zitzan. Asko zaildu zaie maillot gorria irabazteko borroka, Purito gain-gainean daukalako.

Gehienok ikusiko zenuten Cavendishek keinu itsusia egin duela behin helmugara iritsita, eta zergatia azaltzen saiatuko naiz. Denok dakigu Guardinik eta Chicchik bezperan nola igo zituzten mendateak. 4. kilometroan geratu ziren atzean, eta etapa guztia bakar-bakarrik egin zuten. Hala ere, azken taldetxoak hiru minutu atera zizkien azkenean helmugan. Harrigarria! Jendeak badaki autoari helduta joaten direla. Theo Bosek eta Graeme Brownek kilometro asko egin dituzte euren ondoan, eta haiek ere horixe esaten ziguten.

Cavendishen laguntzaile fina da Eisel, eta sutan zegoen helmugan. «Autoei helduta gu joaten garela esango dute gero denek!», bota du haserre. Giroren batean gertatu izan da esprinterretako batzuk mendateetara autoari helduta igo izana eta gainerakoak eurekin ados jarri izana. Helduta igo zarete? Ados. Iritsi Milaneraino, baina ez lehiatu esprintean gero. Akordio hori ikusi izan dugu beste Giro batzuetan, baina Guardinik ez du errespetatu. Nabarmen ikusi da Cavendish baino askoz freskoago zegoela, potentzia handiagoa zeukala. Cavendishek tarteko helmugan ere pilatu du nekea aurretik, baina harrigarria izan da bien arteko potentzia aldea. Nire ustez, Guardinik eta Chicchik ez zuten sartu behar esprintean.

Hurrengo bi etapei begira, berriz, zer esango dizuet ba! Szmydek ezetz esan dit, baina dezenteko zalaparta espero dut Alpe di Pampeagon gora. Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.