Danel Agirre.
SASKI DA!

Ausazko gertaerak, eta beste guztia

2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Zientziaren mugak. Estatistika aurreratuen, datu base zehatzen eta oro har egiaztapen enpirikoaren monoteismo garaian, hona hemen ia heresiatzat har daitekeen egia eztabaidaezina: saskibaloi partida eta txapelketa asko zoriak erabakitzen ditu. Kawhi Leonarden joan den ekaineko kanporaketako zazpigarren partidako azken segundoko saskiratzeak ilustratzen du ezerk baino hobeto eragile kontrolaezin hori. Bi aurkarirengandik ihesi, sei metrotik etsi-etsian egindako jaurtiketak eternitatea eman zuen uztai gainean boteka, sarerantz erortzea erabaki baino lehen. Jokalari zoragarri baten ibilbidearen gailurtzat hartuko da lantze hura aurrerantzean, baina, funtsean, txiripa hutsa baino ez zen izan. Tratatuak idatz daitezke jabetza garrantzitsuak eskurik aproposenetan ipintzearen garrantziaz, benetako izarren patxadaz edo tentsioa aulkitik kudeatzeko moduaz. Zientziak dio halabeharra ere neurtu eta sailka daitekeela, eta egoki eraikitako sistema batek guztia azal dezakeela. Baina, gero, Jonathan Rousselleri hogei bider saiatuta errepikatuko ez lukeen miraritxoa irteten zaio, eta Cory Higginsen hirukoari zentimetro bakarra baino ez zaio faltako Bilbo Basket ahoa bete hortz uzteko. Azken bost partidetan bi, sei, bat, zazpi eta bi punturen aldeaz gailenduta sartu dira Espainiako Kopan bizkaitarrak; sarri, aurkariek irabazteko parada bikainak harrika bota ondoren. Aurten tokatu egiten zen.

Kasualitatea ez dena. «Saski Da! lerdo alaenak Bilbo Basketena kasualitate hutsa dela idatzi ez du ba!», asaldatuko zen honezkero zale bizkaitarra, baina ausazko gertakariek saskibaloian duten pisuari buruzko gogoeta baino ez zen atarikoa. Alex Mumbruk eta bere jokalariek ia ezinezkoa zirudiena lortu dute, esan gabe doa: Real Madril, Bartzelona, Valentzia eta Baskoniaren moduko aurkarien kontrakoak azken txanparaino jokatzea, garaipena dadoak botaz ebatzi ahal izateko. Galdu dituen zazpi norgehiagoketan, bakarrean baino ez zen iritsi aukerarik gabe azken bi minutuetara. Hori ez, hori ez da kasualitatea.

Marmartiak mutu. Joan den sasoian, Pablo Lasorekin duela hamarkada bat Donostian gertatutako fenomeno berbera gertatu zen Bilbon. LEB ligaren tranpa guztiak banan-banan libratu eta igoera eskuratuta ere, kapitain ohiaren kualifikazioarekiko mesfidantza nabari izan zen Miribillan, Lasok Gipuzkoa Basketen zaleengandik jasotakoaren traza berekoa —Saski Da! lerdo alaena tartean—. Azken horrek Madrilera egin behar izan zuen, eta Europako inoizko entrenatzaile onenetakoa dela frogatu ahal izan du han. Zorionez, Bilbo Basketen ACB ligarako itzulera hain izan da kolosala, ezen Mumbruk marmarti guztiak mutu laga baititu. Eskura dituen hamabi piezak baliotsu sentiarazi eta guztiak erabiltzeko azaltzen ari den zentzutasuna usaindu ere ez dute egiten ofizioan eternitatea daramaten hainbatek —izenik ez dago eman beharrik hemen—. Azken minutuak gobernatzeko moduak kaotiko samarra dirudi lehen begi-kolpean —Jaylon Brownen banakako jokaldi asko, Balvin eta Lammersekin eskubaloiko aldaketak, sarri elkarrekin ipinita—, baina, patua patu, ezin eraginkorragoa izaten ari da. Eromen horrek metodoa du atzean. Kopako koadroan Real Madril, Bartzelona eta Valentzia tokatu zaizkiola? Tira, hirurei irabazi die sasoi honetan.

Beste hamahiru urte. Bilbo Basketen sailkapenak baditu isilpeko heroiak, Rafa Pueyo ororen gainetik. Joan den sasoiko taldeari eustea erabaki, eta denboraldia hasterako harakiria egitea egotzi zioten hainbatek kirol zuzendariari, LEB eta ACB ligen arteko jauzia berak kalkulatu baino askoz handiagoa zelakoan. Brown edo Lammersen eboluzioa aurreikusi, eta bete-betean asmatu du, ordea. Balvin eta Axel Bouteillen fitxaketak, berriz, jeinuzko maniobrak dira. Laguntzaile eta entrenatzaile moduan emandako hamahiru urteetan denetik bizi izan zuen Pueyok, irteera mingotsa barne. Baina klub orok nahi lukeen behargina da: ezagutza zabala du, leialtasun osoa, eta gremioan lagunak baino ez ditu. Beste hamahiru urteko aroa merezi duten horietakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.