Oinatz Bengoetxea.
Lau t'erdiko txapelketako finala. ANALISIA

Aurrekoak ikusi ez banitu...

2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Finalak ikustea gustatzen zait. Finalzalea naiz. Gaur ez naiz egongo Bilbon, baina telebistara pega-pega eginda egongo naiz, partida handi bat ikusteko itxaropenarekin. Finalean egungo bi pilotari onenek egin dute topo, beste behin. Nik Irujo hobeto ikusten dut; oso une onean dago, fresko...Olaizola, aldiz, ez dago fin, baina iaz ere ez zegoen sasoi betean, eta txapela jantzi zuen. Izan ere, Olaizola final jokalari handia da; finaletan hazi eta bere maila emateko bertute handia du. Inoiz ez du final txarrik egin. Horregatik diot, aurrekoak ikusi ez banitu, agian Irujo joko nukeela faborito, baina aurrekoak ez ditut ahaztu.

Olaizolarengatik diot Irujorengatik baino gehiago, ez baitut uste Olaizolaren aurka galduriko azken finalek eragingo diotenik. Aurretik irabazi izan dio, eta badaki hari irabazteko gai dela. Baita lau t'erdian ere. Urrun gelditu dira lau t'erdian jokatzeko arazoak zituen garaiak. Bost bat urte dira lau t'erdian maila oso onean ari dela. Zerbaitegatik jokatu ditu sei final. Gaur irabazteko pilota oso bizi mugitu beharko du, Olaizola bere lekutik ateratzeko, eta batez ere, tantoan bukatzen asmatu.

Eta Olaizola? Zer esango dut? Lau t'erdiko zortzigarren finala du eta aurreko zazpiak irabazi ditu. Lau t'erdian inor baino hobeto moldatzen da teknikoki, ia perfektua da, baina nik arlo fisikoa ere nabarmenduko nuke. Partidak oso ondo bukatzen ditu, hauspoa du, iraupen luzeko korrikalarien antzera, eta, normalean, aurkariak baino hobeto bukatzen ditu partidak. Horregatik uste dut oraindik ere urte batzuetan iraungo duela puntan. 35 urte ditu, baina soka luzea gelditzen zaio. Eta, noski, Irujori ere bai. Gaurkoa ez da izango final batean elkar ikusiko duten azken eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.