Ezberdinak dira. Futbolean askotan erabiltzen da esaldi hau: «11 jokalari 11 jokalariren aurka ariko dira, eta edozer gauza gerta daiteke». Partida baten aurretik esan ohi da hori. Eta ez da gezurra, espero ez diren emaitzak izaten direlako batzuetan. Baina aurkariaren arabera, talde batek irabazteko edo galtzeko aukera gehiago izaten ditu. Hori ere ez da gezurra. Gure hiru taldeen azken jardunaldiko jardunean, aurkarien maila zeharo ezberdina izan zen, eta Athleticen eta Osasunaren kasuan, antzeman egin zen zelaian. Realaren kasuan ere bai, baina beste modu batera; ez besteen kasuan bezain modu objektiboan.
Etsita edo erdi etsita. Racing hondoa jota dago. Azkena eta ia osotasunean Bigarren Mailan. Athleticek erraz menderatu zuen igandeko aurkaria. Emaitzak estutasuna islatzen badu ere. Lehen zatian, batez ere, nahierara ibili zen Marcelo Bielsak entrenatutako taldea. Gol bat sartu zuen, eta beste bost sartzeko aukerak izan zituen. Baina asmatu ez. Lehen zati horretan ikusi ahal izan zen une honetan bi taldeen artean dagoen sekulako aldea. Liga berean dabiltzala ere ez zuen ematen. Bi aurkariek beste hogei aldiz jokatuko balute ere oraintxe bertan, denetan irabaziko luke Athleticek. Igandean, ez zuen lekurik «edozer gerta daiteke» esaldi horrek. Garbi zegoen zeinek menderatuko zuen zein, eta halaxe izan zen. Aldez aurretik, zuri-gorriek irabazteko aukera guztiak zeuzkaten, eta bete-betean erdietsi zen aurrez iragarritakoa. Erraz izateak ez du esan nahi Bielsarenei txaloak jo behar ez zaizkienik. Traza horretako partidetan burua behar den lekuan izatea eta ondo lehiatzea ez baita erraza izaten. Gauzak erraz ikustearen ondorioak txarrak izan ohi dira. Ondo lehiatu ziren zuri-gorriak, behar zen bezala, eta irabazi beharrekoa irabazi egin zuten.
Onak eta hobeak. Malaga eta Racing ere ezin dira parez pare jarri. Ura eta ardoa. Zuria eta beltza. Lehen Mailako talde onenetakoa da Andaluziakoa, Lehen Mailako jokalari onenetakoak dituelako. Erakutsi zuten, bai, Sadar zaharrean herenegun gauean. Cazorla, Isco, Demichelis... ez dira edozein. Jokalari denak dira abilak baloia oinetan erabiltzen: kontrol onak eta zehatzak, paseak ondo baino hobeto neurtuak... eta hori dena erritmo bizian. Oso azkar aritu baitziren Osasuna eta Malaga, gelditu gabe partida guztian. Nabarmena izan zen, lehen minutuak gainditu eta gero, bietako zein ari zen hobeto. Malaga, baloiaren jabe eginez, nagusitu egin zitzaion Osasunari. Beste joko mota bat daukate gorritxoek, eta eraginkorragoa izan zen bisitariena nagusitasuna zehazteko orduan. Azkeneko metroetan gehiago asmatzea falta izan zitzaion Malagari hiru puntuak Iruñetik eramateko. Ikusten zen partidak ez zuela gorritxoen kolorea, eta, horregatik, nahikoa egin zuten puntua lotzen. Alde handia egon zen bi taldeen artean zelaian. Hala ere, halakoetan, ez du beti indartsuenak irabazten. Noizean behin, uzten dute punturen bat edo beste uztara bildu gabe. Aldea egon zen, baina «edozer gerta daiteke» hori ere bete egin zen neurri batean.
Errespetu handiarekin. Vila-real Racing baino hobea da, eta Malaga baino apalagoa. Nahiz eta jokalari trebe batzuk eduki. Igande eguerdian, Realak oso makal jokatu zuen lehen zati osoan, batez ere. Ezin baloiari abiadura pixka bat eman. Ezin, edo hala komeni zen? Aurkariak errespetu gehitxo ez ote zion eragin norbaiti... Egia da Miguel Angel Lotinak entrenatutako taldea atzean uzkurtzen zenean, kontraerasoaren aukera hor zeukala arriskua sortzeko. Eta, akaso, hori ez gertatzeko, Montanierrek eta jokalariek neurriak hartu zituzten: paseak eta kontrolak ondo bermatzea, batez ere. Izan ere, oso abilak dira Vila-realeko jokalariak zelai erdian eta hortik gora. Teknikaren alor asko ondo menderatzen dituzte Borja Valerok, Sennak, Canik eta beste hainbatek. Beldurtuta bezala aritu zen Reala, eta antzeman egin zen zelaian. Lehen, objektibotasuna aipatu dut, eta hau esateko zen: ezin da jakin norbaitek agindu zien Realekoei gutxi arriskatzeko. Ematen du aurkariak baldintzatuta aritu zela. Gero, ordea, emaitzaren premia gorriaren bultzadaz, arriskuak hartu zituen etxeko taldeak, eta nagusitu egin zen jokoan. Alferrik zituen orduan Vila-realek jokalari abilak.
Aulkitik begira
Aurkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu