Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala. Analisia

Atzera begira

2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Hasteko, aitormena. Gustura hartu dut tarte haupilotaz hitz egiteko, eta bide batez Iruñeko Udaleko kontuak pixka bat burutik aldentzeko. Data hauek iristen direnean, nik finalak jokatu nituen garaiak datorzkit burura, eta haien eskutik, inbidia, inbidia handia. Azken urteetan bezala, Radio Euskadiko esatari lanetan egongo naiz Bilboko pilotalekuan, eta final irekia kontatzea espero dut.

Maratoi itxurako txapelketa iritsi da bukaerara, eta bitxia daia hasiberriak diren bi atzelarik egingo dutela topo finalean. Gakoa euren jardunean egongo dela uste dut, presioari nola eusten dioten, alegia. Berasaluzerentzat ere lehen finala da, baina hark eutsiko dio, eskarmentu asko du eta sasoi bikainean dago 35 urterekin. Atzelariekin, aldiz, nire zalantzak ditut. Biek izan dituzte gorabeherak, eta ezaugarri nagusi bera dute: jotzaileak dira.

Zabaletak txapelketa bikaina egin du. Jubeniletan zegoela entrenatu nintzen harekin, eta orduan bazuen kolpe hori, baina egun txarra izanez gero, asko galtzen zuen. Txapelketa honetan, ordea, ez du egun txarrik izan. Egia da ere Irujok asko lagundu diola. Albisu, aldiz, ez da hain erregularra izan, baina finalera unerik onenean iritsi da. Une egokietan maila oso ona eman du, baina izan ditu hamabi huts eginiko partidak, eta horiek, gehiegi dira. Baina finalean da, merezimendu osoz, eta erakustaldia eman ondoren. Azken partida bikain hori, baina, Labriten jokatu zuen, eta atzelarientzat oso ezberdina da Labriten edo Bilbon jokatu. Jotzaileek Labrit dute gustuko, eta ez Bilbo, azken hori biziagoa baita atzean.

Deigarria da ere Berasaluze eta Albisu finalean egotea irabazi baino partida gehiago galdu dituztela kontuan hartuta. Sistemak ahalbidetzen du, eta jokatu behar zen unean jokatu dute. Are gehiago, bi aldiz irabazi diete Irujo-Zabaletari. Baina, hala ere, nik uste sistema aldatu beharko litzakeela hori eragozteko. Ez da normala sistemak huts egiteko hain tarte handia uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.