Ibilbidea ezagutzen nuen, eta, espero bezala, oso gogorra izan zen atzoko etapa. Ez zen atseden hartzeko tarterik egon egun osoan, ibilbideak etengabe egin zuelako gora eta behera. Horrek min handia egiten digu oinetan; sufritu egiten dugu, eta nabaritu da etapa amaieran genituen aurpegietan. Hori dela eta, gaur eta bihar datozkigun etapetarako funtsezkoak dira atsedena eta ondo errekuperatzea. Oso garrantzitsua da hotelera garaiz iritsi, masaje on bat hartu eta goiz xamar ohera joatea. Ondo zaindu behar da hori, entrenatzea bezain garrantzitsua baitira atsedena eta errekuperazioa. Nik ez dut arazorik izaten lo egiteko, baina egia da etapak arratsaldean direnean gehiago kostatzen zaidala lokartzea.
Atzoko etapan Spratt oso indartsu ikusi nuen, erraz ibili zen. Oso zaila iruditzen zait inork itzal egitea. Gainera, ikaragarrizko taldea du inguruan. Atzokoan Van Vleuten eta Kennedy hari laguntzen aritu ziren. Baina gaurko eta biharko etapari begiratzeko momentua da. Oso etapa gogorrak izango dira, are gehiago kontuan hartuta eguraldi aurreikuspena txarra dela. Euria espero da. Gaur bi igoera oso gogor ditugu: Opakuara, eta Santa Teodosiako ermitara. Opakua oso mendate gogorra da, eta azken igoerari begira min egin dezake, indarrak behar bezala kudeatu ezean. Argi ibili beharko dugu hor.
Azken etapa, dena den, gogorragoa da. Duela aste batzuk egongo nintzen ikuskatzen. Etapa oso luzea da: 156 kilometro ditu, eta, azken eguna izanda, neke asko izango dugu pilatuta. Gainera, hainbat mendate igo beharko ditugu, eta azkena, San Asentzio, aldea markatzeko modukoa da. Baina, esan bezala, zail ikusten dut norbaitek Spratti min egitea.
Emakumeen Bira. SEKRETURIK GABE
Atseden hartzeak duen garrantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu