Ane Sanchez Goyogana

Atseden garaia

2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

Arraun denboraldi zoragarri bati agur esateko garaia heldu da, entrenamendu gogorrak, itsasoarekin borroka egitea eta talde lana albo batera uztekoa. Taldeek bere onena eman dute, helburuak lortu eta erronkak ausardiaz hartu. Emaitzak soilik emaitzak dira, baina horiek itsasoan bizi izandako une eta emozioetan geratu dira. Bizi izandako momentuak oroitzapen izango dira etorkizunean, horiek dira arraunak uzten dituen une magikoak.

Lortutakoa baloratzeko eta merezi duen bezala ospatzeko garaia da, baina horrekin batera, erabakiak hartzekoa ere bai. Denboraldi gogor baten ostean gorputzak eta buruak nekatuta dauden honetan, arraunlariek urtero galdera bera egiten diote euren buruari, segi ala ez. Sakrifizioek eta esfortzu fisikoak pisu handia dute egunerokoan, baita pozak eta elkarbizitzak ere. Sentimendu kontrajarriak balantza batean jarri behar dira erabakiak hartzeko garaian. Batzuek atseden luze baten apustua egingo dute; beste batzuk, aldiz, erronka berriei aurre egiteko irrikaz egongo dira.

Beraz, denboraldi motz edo luze baterako edota behin betiko bada ere, itsasoari agur esateko garaia da, ikaskuntza, bizipen eta oroitzapenak bihotzean gordeta. Norberaren erabaki pertsonalak hartzekoa, barne borroka eta ametsak aztertzekoa. Pena handiz esango diogu agur denboraldi honi, baina bizi izandakoagatik eskerrak emanez, hain beharrezkoa dugun atsedena gustura hartuz. Bide batez, zorte ona opa diegu denboraldiko azken astea geratzen zaien horiei, ametsen alde borrokatzeko asteburua baitute aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.