Apirilean sartuta denboraldiko azken fasean sartzen gara. Baita March Madness ere; berez, martxoan amaitu behar zuen, bere izenburuari kasu egitekotan. Baina ez da horrela. Horiek ere apirilean amaituko dute. Batzuetan izenburua ez dator bat testuarekin, nahiz eta berez horrela izan beharko litzatekeen.
Kutsidazu bidea
Orain, bidean utzi dituzunez gogoratzen zara, garaipenak edota porrotak, berdin dio. Pablo Lasok berak aitortu zuen Baskoniaren Euroligako lehen balorazioa egiteko orduan Play In-a jokatzeko aukera apurrak galdu eta gero. «Garaipenen bat gehiago lortuz gero, batez ere amaiera estuetan, bestelako egoera baten egongo ginateke». Horrek ezer gutxirako balio du; edozein entrenatzailek esan dezake.
Galde diezaiotela bestela azken jardunaldian hainbeste jokoan duten taldeei. Eta hori joan den asteko partiden ostean nahiko argitu zela egoera. Orain, kanporaketak jokatzeko aukerak izango dituzte, behintzat, zuzenean edo aurretiazko kanporaketarekin, baina aukerak izan izango dituzte. Dena berdinketa hirukoitz edo laukoitzengatik erabaki daiteke. Gaur egun, Monakok hogei garaipen ditu, lau talde daude hemeretzirekin (Anadolu Efes, Real Madril, Bartzelona eta Bayern) eta beste bi hemezortzirekin (Izar Gorria eta Paris).
Hauek dira azken jardunaldiko partidak: Bayern-Fenerbahce, Partizan-Real Madril, Paris-Alba Berlin, Anadolu Efes-Zalgiris, Panathinaikos-Izar Gorria eta Bartzelona-Virtus. Hau da, ez dago aurkari zuzenen arteko neurketarik. Azaroan bidetik galdu zenituen puntu apur horiek aurkari zuzen baten aurka orain berebiziko garrantzia izan dezakete. Aukera guztien errepaso bat egitea ezinezkoa litzateke; aukera ia infinituak dira, talde bakoitzak zuzeneko puntu alde desberdinak ditu, eta aurrera edo atzera egiten du, berdinketa kasuan zein talderekin dagoen. Ezinezkoa da. Behintzat, kanporaketak jokatzeko aukera izango dute.
Abiadura
Matematikak ez baitira errazak. Batzuek gaitasun gehiago izango dituzte, beste batzuek gutxiago, baina formulek batzuetan ez dute esperotako emaitza ematen. Esan diezaiotela bestela Bilbo Basketi. Matematikari onenak ere ez du azalpenik joan den asteazkenean Miribillan gertatu zena azaltzeko. Bost minuturen faltan hiru punturen aldea zuen etxeko taldeak —hemeretzirengatik irabazi beharra zion Dijoni FIBA Europa kopako finalerako sailkatzeko—, eta 28-2ko partziala lortu zuen gero. Zenbakiek, berez, ez dute ematen, baina bestelako aldagaiengatik bakarrik ulertu daiteke Bilbo Arenan gertatutakoa. Miraritik gertu. Bakoitzak bere sineskeriak izango ditu, matematikarien kasuan akaso ezbaian egongo dira.
Egiari zor, gaur egungo saskibaloian pentsatzen dugun baino ohikoagoak izan daitezke horrelakoak. Batez ere, NBAn ikusiak genituen, ez hainbeste Europan. Matematikei bultzada bat ematearren, zenbakiek agintzen dute. Gero eta erritmo handiagoetan jokatzen dute taldeek, hau da, gero eta jabetza gehiago jokatzen dira, orduan gero eta jaurtiketa gehiago egiteko aukera dago. Horrez gain, orain hiruko marrak duen garrantzia azpimarratu beharra dago. Bizkaitarrek hiruko saiakera gehiago egin zituzten bikoak baino. Eta gero eta talde gehiago ari dira horrela. Eraginkortasuna da hitz gakoa, distantzia erdiko jaurtiketek portzentaje baxuagoa ematen dutelako uztaitik hurbilago egon arren. Kontrakoa izan beharko litzateke, baina matematikek agintzen dute.
Irtenbidea
Estatu Batuetan, zenbakiak matematiketarako erabili baino, apustuetarako erabiltzen dituzte gehiago. Izarretako bat March Madness txapelketako koadrantea osatzea da. Emakumezkoetan Paige Bueckersen Uconn unibertsitatea gailendu da. Gizonezkoetan, lehiaketaren historian bigarren aldiz, aldez aurretik hautagai nagusiak, eta horrenbestez koadranteko alde bakoitzeko lehen zenbakia eramaten zuten lau unibertsitateek jokatu dute Lauko Finala. Aurten, eromenetik urrun egon dira Estatu Batuetan, Etxe Zurikoarekin nahikoa izango ote dute eromen aldetik. Mutiletan ere jokalari bat nabarmendu da: Cooper Flag Duke unibertsitatekoa, zeina 2025eko drafteko lehen postuan aukeratuko duten.
Atera kontu: batzuetan bai, beste batzuetan ez. Akaso matematikak azken irtenbideak dira arrazoia edo zentzua aurkitu nahian. Ez besterik.