mikel reina
HIRUKOTIK

Artea eta artistak

2024ko maiatzaren 30a
05:10
Entzun

Gorrotatu dezakezu artista, baina ez bere artea. Hori da Ergin Ataman. Protagonista hutsa kantxa barruan, eta batez ere, kanpoan. Artistek ero puntu bat ere badute, desberdin egiten dituen hori. Artista orok bere mezenasa ere behar du, eta, artista bezain eroa bada, akabo. Hori Dimitris Giannakopulos da. Dirutza jarri zuen udan Panathinaikos ostera ere handi egiteko, hamahiru urteren ostean berriro Euroliga irabazteko eta noraezean zebilen ontzia bideratzeko. Jokalari handi asko ekarri zituen, baina, batez ere, Ataman ekarri zuen, txapeldunaren ikur, duela bi eta hiru urteko Euroligako irabazlea. Apustua oso ondo atera zitekeen edo erabateko porrota izan, ez zegoen erdibideko irtenbiderik. Ez zegoen besterik.

Hasiera ez zen inola ere ona izan. Euroligako liga erregularreko lehen lau partidetatik hiru galdu zituen Panathinaikosek. Orduan Kendrick Nunn fitxatu zuten, eta kantxako kapitaina aurkitu zuten. Hala ere, kapitainen artean ere mailak izaten dira, goi mailakoak une garrantzitsu eta beroenetan bakarrik ateratzen dira. Benetan beharrezkoak direnean. Bai, Kostas Slukasengatik ari naiz. Beste txapeldun bat, erabatekoa. Lau Euroliga lortu ditu, hiru talde desberdinekin: bi Olympiakosekin, bat Fenerbahcerekin, eta beste bat Panathinaikoisekin. Saras Jasikeviciusek bakarrik lortu du hori. Jokalari moduan lortu zuena ez du entrenatzaile lanetan lortzen lituaniarrak. Slukasek 24 puntu sartu zituen jaurtiketa bat bera ere ez huts egin barik. Finaleko jokalaririk onena izan zen. Ez zegoen beste aukerarik.

Hain zuzen ere, Sloukas izan da Atamanen defendatzaile nagusia. «Jarraitu berak esaten dionari, Euroligako Lauko Finalera eramango gaitu», esan zuen batek. «Baita Euroliga irabaztera ere», erantzun zuen besteak. Horrelako bi irabazle batzen direnean, emaitza ezin da besterik izan. Biek ala biek Panathinaikosen zaleak bereganatu dituzte, eta horrek ez du erraza izan behar, kopuru aldetik bakarrik. Hordagoa bota zuen Atamanek Maccabiren aurkako etxeko lehen partida galdu eta gero: «Lauko Finalean sartzen ez banaiz, alde egingo dut». Orain ez du inoiz joan nahiko.

Bideratuta

Real Madrilek ezin izan du bigarren urtez jarraian Euroliga irabazi. Hori zuen helburu, baina zenbakiak eta historia aurka zituen. Liga erregularreko txapeldunak ez du inoiz Euroliga irabazi. Markak oraindik bizirik jarraituko du. Are gehiago, formatu berria ezarri zenetik, lehen aldia izan da ligako bi talderik onenak finalerako sailkatu direna. Argi dagoena da Real Madril bezalako talde batentzat porrota dela ez irabaztea. Horrela izan behar du. Ezin zaie gutxiago eskatu.

NBAn dena bideratuta dago Bostonen eta Dallasen arteko finala izateko. Minnessotaren lehen garaipenak Luka Doncic eta Kyrie Irvingen atseden egunak murriztuko ditu. Dena da garrantzitsua orain. Are gehiago, kontuan hartuta Celticsek kanporaketa guztietan bakarrik bi partida galdu dituela. Oso interesgarria izan daiteke bien arteko finala. Gainera, Irvingek motibazio berezia izango du. Doncicen lehen finala ere izan daiteke. Osagai asko ditu finalak.

Oinarriak

Amaierara heldu da Dusko Ivanovicek Baskonian egindako ibilbidea ere; laugarren aldiz. Erabaki gogorra bezain egokia da, nire ustez. Berak bakarrik har zezakeen taldea egoera horretan, eta goitik behera irauli. Eta ez du lehen aldiz egin, eta seguru ez dela azkena izango. Horregatik, eskerrak bakarrik jaso ahal ditu Montenegrokoak. Baina, era berean, Euroligako zortzi talderik onenen artean sartzearen arrakastak ez du ezkutatu ACB ligako porrot handiak. Lehen aldiz geratu da Baskonia Kopatik eta kanporaketatik kanpo. Gero eta zailagoa izango da Europako aurrekontu handienekin lehiatzea eta indar hori etxeko txapelketan erakustea ere garrantzitsua da.

Buesa Arenako bulegoetan ere ez zuten nahi Joan Peñarroya 2.0 bat sortu; hau da, entrenatzailearengan erabateko konfiantzarik gabe denboraldia hasi. Ikusteko dago behingoz epe ertainerako proiektu bat sortzeko gai diren. Oinarriak oso onak dira Markus Howard, Khalifa Diop edo Tadas Sedekerskisekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.