Abuztuaren erdialdean gaude dagoeneko, eta horrek gauza bat esan nahi du: bi aste pasatxo falta direla Kontxako estropada iristeko; hau da, denboraldi baten ebaluazioa egiteko garaian ardatza den estropada iristeko. Hemendik aurrera, entrenatzaile zein arraunlarion buruan estropada garrantzitsu hori egongo da, eta prestaketa guztia horretara bideratua egongo da talde guztietan. Orain da aurrera edo atzera egiteko garaia, eta xehetasun guztiak ondo zaintzeko unea. Izan ere, gaur egun, edozein xehadurak berebiziko garrantzia hartzen du traineruen arteko lehian.
Zarauzko estropada jokatu da asteburuan, eta estropada horretan asko ikus daiteke. Estropada hori beti da berezia, eta, nahi ala ez, talde guztiok daukagu egutegian kolore gorriz markatuta. Ezberdina izaten da urtero asteburu hori, San Miguel ligaren barruan bi jardunalditara jokatzen den estropada bakarra delako, eta urteetan zehar izugarrizko ospea hartu Zarauzko eremuak. Gainera, itsaso zabalean izanda, Kontxako banderaren formatua etortzen zaigu burura, eta horrek zirrara sortzen du, bai arraunlariengan eta bai ikusleengan ere. Beti esan ohi da Zarautzen irabazle suertatzen dena Kontxan ere garaile izango dela. Egia esan, nire ustez, gauzak dezente alda daitezke bi aste hauetan, eta gaur egun horrelako baieztapenak egitea oso arriskutsu bihur daiteke, talde bakoitzak bere estrategia propioa lantzen baitu. Horregatik, inoiz ezin da jakin zer maila eman dezaketen sasoi bete-betean daudenean.
Asteburuak argi utzi digu Kaiku itxura paregabea ematen ari dela. Izan ere, denboraldi honetan lehenengo aldiz bi estropada jarraian irabazi ditu, igandean errekor eta guzti eginez, eta hori konfiantza hartzeko pauso ikaragarria da. Besteok, nahiz eta erregistro oso onak egin, ez gara maila horretara iritsi, eta bi aste hauetan lanean jarri beharko gara atzean ez geratzeko. Beraz, aurrean egoteko orain da arre egiteko garaia!
Trapaiazko olatutik
Arre edo so!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu