Txapeldunen Ligaren formatu berriak bete egin du emandako hitza, hau da, parte-hartzaile guztientzat lehiaketa gogorragoa izatea. Liverpool eta Bartzelona bakarrik iritsi ziren azken jardunaldira lehen zortzi sailkatuen artean, final-zortzirenetarako sarrera zuzena lortuta. Orokorrean, Europako talde handiei gehiago kostatu zaie irabaztea. Manchester City eta PSG azken partidara arte iritsi ziren plaza bat lortzeko borrokan. Kanporaketetan oso arriskutsua den Real Madrili ere kostatu zaio formatuak eskatzen duen erregulartasunera egokitzea.
Hala ere, Txapeldunen Liga berria ez da aurrekoa baino parekideagoa izan. Txapelketan jarraitzen ez duten hamabi taldeetatik bederatzi aukerarik gabe iritsi ziren azken partidara. Egia da, bai, azken jardunaldi horretan partida guztietan zerbait zegoela jokoan. Hauexek dira formatu berriaren argiak eta itzalak.
Lehiatzen ikastea
Ligaxkako azkeneko partidara kanporatuta iritsi zen Girona. Herrialde Katalanetako taldeak Europako txapelketa nagusia jokatu du lehen aldiz, baina ez zuen zorterik izan zozketarekin. Final-zortzirenetarako zuzenean sailkatu diren zortzi taldeetako hiruren aurka jokatu du. Eta, harritzekoa bada ere, bere mailako taldeen aurka baina hobeto lehiatu da. Michelek zuzendutako taldeari lehiaketa amaitu zaio neurria hartu dionean.
Egokitzapen horrek haren ohiko jokatzeko ereduari uko egitea eragin zuen. Lehiaketaren exijentziak aurreko denboraldian ezaugarri zituen egitura konplexuak ahaztea, eta, 1-4-4-2 marrazkitik abiatuta, bere bloke ertaina indartzera eraman zuen.
Inoiz ez dugu jakingo nola ariko zen Girona aurreko denboraldiko taldea izango balu. Urrunago joan gabe, Savinho, udan Ingalaterrako bidea hartu zuena, izan da Manchester Cityko protagonista nagusia azkeneko jardunaldian, Guardiolak zuzendutako taldea kanporatuta gera ez zedin.
Baloia izateari garrantzia kendu
Liverpool eta Bartzelona, ligaxka amaitzeko partida baten faltan matematikoki sailkatu ziren bi talde bakarrak, ez dira agertzen txapelketan baloia gehien izan duten taldeen lehen hiruren artean. Baloia gehien izan duen taldea Manchester City izan da: %64,4. Bayern Munich eta PSG sailkatu dira haren atzetik. Pase eta jaurtiketa gehien egin dituen taldea ere izan da Manchester City.
Guardiolaren taldearen arazo nagusia baloia izan eta hori nola kudeatu izan da, eta hor eragin zuzena izan du Rodriren lesioak. Euskarriak erasoari berriro ekiteko aukera ematen zien etengabe, galera kudeatzeko ondo kokatuta agertzen zelako. Eta gaizki erasotzea defentsa-lan txar baten aurrekari zuzena da beti. Zortzi partidatan hamalau gol jaso ditu Manchester Cityk. Hura eta Real Madril izan ditzakegu aurrez aurre hurrengo kanporaketan. Itzela litzateke.
Prozesuak sinplifikatzea
Formatu berrian kalkulagailua inoiz baino garrantzitsuagoa da. Eta, zalantzarik gabe, irabazi ondorengo bigarren alderdirik garrantzitsuena golik ez jasotzea da. Arsenalek hiru gol bakarrik jaso ditu; gol bakarra Inter Milanen kasuan. Liverpoolek bost jaso ditu, baina lidergoa lortu du hala ere.
Boladan dago Liverpool. Talde orekatua da fase guztietan, eta ez dio jarraitzen posizio-erasoan gehiegi desegituratzeko gaur egungo joerari. Batez ere, Van Dijk eta Konateren area defentsa bikainagatik nabarmentzen da. MacAllister kontraeraso gidari bikaina da, eta Darwin Nuñez aurrelariak hegaleko arriskutsuek behar duten aurkariaren defentsa-lerroaren erakartze-lana bikain betetzen du. Luis Diaz, Salah eta Gakpo ditu Liverpoolek bi postutarako. Luxu handia da.
Tradizioak aldatuz
Bartzelona, bestalde, gol gehien lortu dituen taldea da: 28 guztira. Lewandovski eta Rapinha izan ditu golegile nagusiak. Hala ere, ez da hori Europako futbolaren interesgune bihurtu duena. Baloia galtzean duen portaera, defentsa lerroa aurreratuz aurkaria jokoz kanpo uzteko asmoz, da Flicken taldearen nortasun ezaugarri nagusia.
Aldi berean, Atletico Madrilek De Paulek eta Barriosek zuzendutako futbol konbinatiboaren bidea hartu du. Bere betiko 1-5-3-2 eraldatu egin da aipatutako euskarriak alboetara bidaiatzen baitute, kanpotik nagusitasunak sortzeko eta Griezmannen eta Julian Alvarezek barrutik ematen duten mugikortasuna bere osotasunean aprobetxatzeko. Oso talde erakargarria bihurtu da Cholo Simeonek entrenatutakoa.
Euskaldunen arrakasta
Aipatuetakoaz gain, Arsenal, Inter, Bayern Leverkusen, Lille eta Aston Villak betetzen dute podiuma. Lehen zortzi talde sailkatuetatik hiruk entrenatzaile euskaldun bat dute. Pozten gaitu Xabi Alonso, Mikel Arteta eta Unai Emeryren ibilbidea jarraitzeko aukera izateak final-zortzirenetan.