Jokin Aperribai Realeko presidenteak udan adierazi zuen, kluba liburu berri baten lehen kapitulua idazten hasiko zela denboraldi honetan. Imanol Alguacil teknikariak sasoi hasieran emandako prentsaurrekoetan egindako adierazpenetan ere aro aldaketa sumatu zitekeen. Baina, zalantzarik gabe, klubean aro berri baten hasiera ekarriko duen albistea aste honetan iritsi da, Roberto Olabe Futbol zuzendariak iragarri baitu ekainaren 30ean kargua utziko duela, kontratua amaitu baino urtebete lehenago. Azken urteetako Realaren arkitektoa badoa, eta klubaren kirol estrategiaren liburuak idazle berri bat izango du: Erik Bretos, azken urteetan Olaberekin eskuz esku lanean aritu den pertsona.
Adierazgarriak izan dira albistea zabaltzeko modua eta momentua. Moduari dagokionez, klubak jakinarazi baino lehen, The Athletic egunkariak eman zuen aurrena berria, atzerriko hedabide batek. Ordubete eskasera klubak ofizial egin zuen, oso prentsa ohar labur batean. Olabek herenegungo prentsaurrekoan adierazi zuen, klubaren asmoa zela albistea asteazkenean bertan ematea. Baina The Athletic-ek eman izan ez balu hala izango zen? Nola iritsi zen hedabide horretara albistea? Uneak ere badu esanahia, Imanol Alguacil teknikariaren kontratu berritzea gertu baitago. Ikusiko al dugu berritze horren argazkian Olabe?
Joatearen arrazoiez galdetuta, nekea eta aro baten amaiera aipatu zituen arrazoi nagusi gisa. Ulergarria izan daiteke hori, lan guztietan geratzen da. Are gehiago futbolean, non emaitzen arabera neurtzen den jarduna. Hortik harago ez zuen ezer esan. Asteazkeneko prentsaurrekoan galdetu zioten ea Imanolekin zuen harremanak eragina izan ote zuen erabakian, askotan jarri baita zalantzan. Ezetz esan zuen, eta ondorengoa azaldu: «Nik ez noa lanera, ez lagunak egitera, ez eta etsaiak egitera. Askotan, Imanolek eta biok ez dugu gauza bera pentsatzen, baina hor dago aberastasuna. Pentsamendu kritikoarekin hobekuntza lortzen da».
Aspalditik jarri da zalantzan ordea harreman hori, eta azkenaldian nabaritu da higadura bat izan dela. Ziurrenik iazko udan hasi zen handitzen, Realak Alexander Sorloth ez fitxatzea erabaki zuenean. Imanolek nahi zuen aurrelaria zen, baina azkenean Vila-realek fitxatu zuen, eta talde txuri-urdinak Andre Silva ekarri zuen utzita. Bestalde, Imanolek prentsa agerraldietan argi utzi izan du hainbat erabaki ez dituela gustuko izan. Bestalde, gogoan izan behar da, Olabe iritsi eta gero, Imanol bigarren taldera jaitsi zela, lehen entrenatzaile izan eta gero, eta Garitano kargugabetu ostean bueltatu zela lehen taldeko aulkira. Gainera, 2019an Olabek Xabi Alonso fitxatu zuen bigarren talderako. Imanolek emaitzak alde eduki ezean, hor zegoen ordezkoa.
Olabek hirugarren aldia amaituko du ekainean Realaren kirol arduradun gisa. Zalantzarik gabe azkena izan da loriatsuena. Hori ezin zaio ukatu. Argi asko izan ditu. Besteak beste, hura karguan dagoela, klubak bi Espainiako Kopa irabazi ditu, lehena emakumezkoen taldeak, eta bestea gizonezkoenak. Gainera, emakumezkoen taldea behin sailkatu da Europarako, eta gizonezkoena bost. Segidan egin du, gainera. Fitxaketetan asmatu egin du oro har, eta ikurretako askori eustea lortu du. Horrekin batera, iritsi zenean Reala denboraldiro teknikaria aldatzen zuen klub horietako bat zen, emaitza txarrak tarteko. Baina Imanolen eta Natalia Arroyoren eskutik egonkortasuna lortu zuen aulkian klubak.
Hortik harago, ordea, klubaren egitura eta lan egiteko modua eraldatu eta modernizatu ditu, egungo futbolak eskatzen duenera egokituz. Helburua, Aperribaik sarritan esan duen moduan hau izan da: «Astelehenetik ostiralera onenak izatea, asteburuan horren frutiuak jasotzeko». Klub askorentzat eredu izan da Realak Olaberen eskutik egin duen eraldaketa hori: abangoardian jarri du. Ziurrenik Realaren historian izan den aldaketa nagusienetako bat izan da: atzerritarrak fitxatzearekin eta Atotxatik Anoetara aldatzearekin batera. Zutarriak sendoak izanda, ulergarria da uzteko erabakia. Are gehiago, bere ekarpenak goia jo duela sentitu badu.
Baina alde ilunik ere izan du. Batetik, inork baino botere handiagoa izan du Zubietan, egitura osoa kontrolatu baitu bai gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Kirol zuzendari baino, bere karguaren izenak dioen moduan, futbol zuzendari izan da. Inguruan izan ditu Bretos bera, Luki Iriarte eta Garbiñe Etxeberria. Baina azken erabakiak berak hartu ditu. Pertsona batek hainbeste botere pilatzea ez da inoiz ona izaten. Bestalde, kluba zurrunagoa bihurtu da, bai zaleentzat zein hedabideentzat, eta hori ere alde ilunetako bat izan da. Azken adibidea duela gutxi izan zen, prentsa agerraldi batean telebistei eta irratiei grabatzen utzi ez zienean. Emakumeen taldeen aldeko apustuan azken hiruzpalau urteetan azeleragailua zapaldu arren, batzuetan esku-frenoa emanda aritu da. Bizkorragoa izan behar zuen.
Ordezko gisa klubak Bretos aukeratu du. Normala da. Ezarri den ereduak arrakasta izan du, eta hark inork baino hobeto ezagutzen du. Prest dagoela dirudi, eta ikusi beharko dena alde ilun horiei argitasuna ematen dien. Hasteko zail dirudi hainbeste botere eta erabaki ahalmen izatea, eta horrek eragina izan dezake Etxeberriaren eta Iriarteren jardunean. Imanolek ere erabaki ahalmen handiagoa izan dezake hemendik aurrera. Zurruntasun hori txikiagoa izateko aukera ere badu, eta hedabideei eta zaleei gehiago zabaldu, beste estilo bat ezarriz.