ANALISIA. ANALISIA

Basamortu madarikatua

Herri Torrontegi.
2006ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Arrazoi askogatik, Qatar gidariek gutxien maite duten zirkuituetako bat da. Urtean behin korritzen da bertan, eta gidariek beste saiorik egiten ez dutenez, korritzeko zaila izaten da. Beroa da gidari batek moto gainean duen lagunik gogaikarrienetako bat, eta laguna etsai bilakatzen da Qatarren. Gorputzak asko sufritzen du, ura falta zaiolako. Kontuan hartu behar da gidariek bi jantzi janzten dituztela probetan eta sentsazioa itogarria da. Baldintza horietan atleta gorputza duten gidariek abantaila dute, eta gaur zaintzekoa izango da Capirossi, Elias eta Checaren jarduna.

Zale gutxi egoten dira, gainera, eta lasterketak entrenamendu baten antza hartzen du. Horrek badu, ordea, bere alde ona, batez ere lehen sari nagusian gaizki aritu ziren gidarientzat. Presiorik ez dago, eta gidariak diren bezala agertu ohi dira. Ez da harritzekoa horregatik Stonerrek atzo lortu zuen pole-a. Galduta aritu zen Xerezen, baina orduan egindako lanak orain balioko diola dirudi. Ducati ere ondo ari da lanean, eta ezin da pentsatu lehen proban Capirossik garaipena lortu izana zortea izan zenik. Rossi berak ere ez zion irabaziko, erori izan ez balitz.Munduko Txapelduna kezkatuta dago. Iaz garaiezina bazirudien ere, aurten konturatu da lanik egin gabe zaila izango duela titulua berritzea. Gazteak etorri dira. Pedrosa gidari osoa da, eta atzo Stoner oso azkarra dela garbi geratu zen. Rossi gehiegizko konfiantzarekin hasi dela dirudi, eta orain buruari buelta asko ematen ari zaio; buelta gehiegi, eta hori ez da ona motoziklismoan.Qatarko zirkuituaren ezaugarriekin amaitzeko, pneumatikoen aukeraketak duen garrantzia gogoratu behar da. Haizeak hondar madarikatua eramaten du pistara, eta horrek oso labainkor egiten du errepidea. Qatarren ufadaren indarra oso handia da, eta motoarekin azkar gidatzeaz gain, buruarekin ere azkarra izan behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.