mikel reina
Hirukotik

Amaieren garrantzia

2024ko maiatzaren 15a
05:05
Entzun

Amaitu da. Oraingoan bai. Bukatu da denboraldia ACB ligan ari diren bi euskal taldeentzat. Ez Baskoniak, ezta Bilbo Basketek ere ez dute lortu sasoia gutxienez beste astebetez luzatzea. Bai, ordea, LEB ligan Gipuzkoa Basketek. Ostiralean hasiko dute ACB ligara igotzeko Lauko Finalean egoteko kanporaketa. Tizona Burgosen aurka jokatuko dute kanporaketa hori.

Baskonia lehen aldiz geratu da titulurako kanporaketetatik kanpo. Gainera, ez zen Espainiako Koparako sailkatu. Denboraldiaren balantzea, beraz, oso negatiboa izan da. Euroligako zortzi talde onenen artean sartzeak guztia konpentsatzen du? Klubaren buruek aztertu beharreko zerbait da. Argi dago hein handi batean bulegoetako lanak, edo egin ez dutenak, baldintzatu duela arabarren denboraldia. Joan Peñarroyarengan inolako konfiantzarik gabe hasi zuten sasoia, eta ez dira gai izan, arrazoia edozein dela ere, konponbiderik eskaintzeko. Hankamotz aritu dira urte osoan saskibaloiaren historian egon diren bi posturik garrantzitsuenetan: antolatzailea eta pibota. Baskoniarena, tristea baino gehiago, etsigarria izan da.

Horregatik, berehala hasi dira datorren urterako lanean. Atzo bertan iragarri zuten taldeko izarrak, Markus Howardek, kontratua luzatu duela. 2028ra arte egin du. Gainera, Codi Miller-McIntyren jarraipena bideratua dutela dirudi. Euroligako saskiratzaile eta pasatzaile onenak izan dira hurrenez hurren, baina ez dituzte lehen bi bosteko onenetan sartu. Ezta Josh Nebo ere, errebote gehien hartu duen jokalaria. Harrigarria oso, batez ere Howarden kasua, txapelketako izarretako bat izan baita.

Laburraz gain, selektiboa

Denboraldiak amaitzen jakitea beti da garrantzitsua, Bilbo Basketek berea txukundu zuen apur bat igandean. Galdu arren, ondo lehiatu zen Bartzelonaren aurka. Dena den, sei porrot pilatu ditu azken sei jardunaldietan. Horietako bi, gainera, Urrezko LEB ligara jaitsi diren bi taldeen aurka: Palentzia eta Obradoiro. Basket Coruñak hartuko du leku horietako bat, zuzenean igo baita ACB ligara. Emozioz eta pozez beteriko asteburua izan dute Coruñan, futbolean ere igoera lortu baitu Deportivok; kasu honetan,  Bigarren Mailara. Granadak, berriz, azken segundoan eutsi dio mailari.

Hain zuzen era, beste urte batez ACB ligan jokatzea zen Bilbo Basketen helburu nagusia, eta lortu du. Horrez gain, FIBAren Europako Kopako finalerdiak ere jokatu ditu.Txapeldun izan zen taldearen aurka galdu zuen, gainera, eta hori esatea ondo geratzen da. Arazo bakarra izan daiteke: urruti geratu dira bi lorpen horiek, eta gizakiak, oroimen selektiboaz gain, laburra ere baduela. Horregatik, gogoratu egin behar dira. Gutxienez, lesioak behin helburuak beteta zeudenean agertu dira.

Era berean, hurrengo denboraldira begira, Rafa Pueyok lana aurreratzeko aukera izan du, eta ez da gutxi. Aurkari zuzenen aurka edozein abantaila, txikia bada ere, erabili beharra dago. Alde horretatik, garrantzitsua da Bilbokoek lortu dutena, jakitun izanda talde tranpolin bat direla. Jokalari gazteentzako lehen sasoia jauziarena izaten da, eta bigarrena, egonkortzearena. Hori lortu nahi dute bizkaitarrek, adibidez, Melwin Pantzarrekin eta Thijs de Ridderrekin. Kristian Kullamaek eta Tryggvi Hlinasonek, gainera, kontratua dute.

Aldaketa

Emakumezkoen saskibaloi denboraldia ere amaitu da Europan. Bart hasi zen, berriz, Ameriketako Estatu Batuetan. Bat amaitu eta bestea hasi. Espainiako Ohorezko Mailan, Valentzia Basketek bigarren denboraldiz jarraian irabazi du liga. Bertan ari da Maria Erauntzetamurgil donostiarra. Lehen aldiz hiru garaikurrak irabazi ditu Herrialde Katalanetako taldeak: Superkopa, Kopa eta Liga. Lau txapelketa jarraian dira, aurreko denboraldiko liga batuz gero. Nagusitasunez egin du, gainera, etxean jokatzeko abantaila alde izan ez arren,15 puntu baino gehiagoren aldearekin irabazi ditu finaleko bi partidak. Alde horretatik, Alina Iagupovaren etorrerak taldearen norabidea aldatu zuen. Lesioak ere ez dira oztopo izan. Izan ere, kontuan hartu behar da Raquel Carrerak eta Alba Torrensek ez dutela finala jokatu. Biak min hartuta zeuden. Europarako jauzia falta zaie bakarrik; hobeto esanda, Euroligakoa, Eurokopa irabazia baitute. Beraz, baieztatu da aldaketa. Perfumerias Avenidak ligako final guztiak jokatu ditu 2006. urtetik, baina dagoeneko bi denboraldi daramatza garaikurrik irabazi gabe.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.