Urte amaiera inflexio puntu bat da, atzera begira jartzeko une aproposa. Hurrengo urterako desirak eta erronkak paper batean idazteko egunak izaten dira, nahiz eta horiek gero ez bete; hausnarketa egunak, azken batean. Saskibaloian, gainera, askotan urte amaierak bat egiten du txapelketetako lehen itzuliaren amaierarekin.
Agian, NBAko Kopak are gehiago kopiatu beharko lituzke Europako txapelketak. Multzoen fasea kendu eta sailkapenaren arabera erabaki beharko lituzke parte hartzaileak. Horrela, partida kopurua ere murriztuko lukete. Era berean, onenen arteko hil edo biziko partidak bakarrik jokatuko lituzkete. Hain zuzen ere, hori da ikusleek nahi dutena, lehiakortasuna aurreratu bai, baina onenen artean bada hobe. Hau da, aukera izango lukete konferentzia bakoitzeko zortzi talde onenak hartzeko eta elkarren aurka lehiarazteko. Partida bakarreko kanporaketak abenduan. Aztertu beharreko zerbait izan beharko luke. Paper zurian idazteko amets horietako bat.
Borroka desberdinak
Espainiako Ohorezko Mailan bi jardunaldi falta dira bakarrik lehen itzulia amaitzeko, hau da, Espainiako Koparako sailkatuko diren zortzi taldeak zehazteko. Urtarrilaren 4an geratuko dira erabakita, eta txapelketa Zaragozan jokatuko da. Bertan, kasurik onenean, euskal talde bakarra egongo da: Gernika. Bizkaitarrei IDK-ren aurkako derbia eta Valentzia Basketen aurka jokatzea geratzen zaie: egutegi gogorra dute. Horregatik, Josean Gaskako lehia erabakigarria izan daiteke. Gaur egun lau talde daude zazpi garaipenekin, eta beste bi seirekin. Beraz, borroka estua espero da. Gogoratu beharra dago garaipenetan berdinketaren bat egonez gero sartutako eta jasotako puntuen arteko aldeak jartzen duela talde bat aurretik edo atzetik taulan.
Beste hiru euskal taldeak bestelako borroka baten daude sartuta, sailkapenaren behealdekoan, borrokarik arriskutsuenean. Hor ere berdintasuna da nagusi. Hiru talde daude hiru garaipenekin, tartean Araski eta Ardoi, eta lau lau garaipenekin. Azken hori da IDK-ren kasua. Gipuzkoarrek arnasa hartu zuten Badalonan irabazita. Behingoz aste biribila izan zuten. Europan galdu barik jarraitzen dute, eta ligan garaipena lortu zuten. Igandean jokatuko da jardunaldiko bigarren euskal derbia. Federazioak egutegiak moldatzen ditu Gabonetan ahalik eta derbi gehien jartzeko, etxetik ahalik eta hurbilen jokatzeko. Ardoik eta Araskik irabazi beharra dute, baina batek bakarrik lortuko du garaipena Arrosadian. Hori bai, joera ikusita, garaipena bakarrik ez, kasu honetan, puntuen aldea ere garrantzitsua izan daiteke.
Itxaropena
ACB ligan bi euskal taldeek, Bilbo Basketek eta Baskoniak, ia ez dute aukerarik Koparako sailkatzeko. Bestelako borroketan daude sartuta. Bilbo Basketek, behintzat, ligan bost porrot pilatu ostean garaipena lortu zuen, non eta Bilbo Arenan, Manresaren aurka: 88-73. Rabaseda eta Kulamae ordezkatuko dituen fitxaketaren zain, denbora lortu zuten bilbotarrek. Ez da gutxi azken jardunaldietako joera txarra ikusita. Hori bai, Miribillan argi dute Jaume Ponsarnauren jarraipena; nahiago dute jokalariak aldatu. Joera, berriz, aurkakoa izaten da normalean: Lugoko edo Gironako aulkiak begiratu besterik ez dago.
Baskoniak, bestalde, ia agur esan dio Espainiako Kopa jokatzeari. Azkenaldian ohitura bilakatu da. Euroligan ere ez daude hain ondo. Bigarren itzulia hasiko dute etzi. Gasteiztarrak 15. postuan daude, atariko kanporaketak jokatzeko postuetatik bi garaipenera. Hurrengo jardunaldiak erabakigarriak izan daitezke Pablo Lasok zuzentzen duen multzoarentzat. Arabarrak Euroligan noraezean geratzeko arriskuan daude. Hau da, garaipenak behar dituzte behintzat atariko kanporaketen borroka horretan sartzeko; bestela, denboraldia luzea bilakatu daiteke Zurbaon. Gabonetako beste hitzordu nagusietako bat Buesa Arenako partida handiak izaten dira, haien beharra dute. Unicajarekin hasi ziren, ostiralean Paris liderraren txanda izango da, eta urtarrilaren 6an Real Madrilen aurka jokatuko dute. Era batera edo bestera, Gabonez ezingo dute nahi beste atseden hartu euskal taldeek. Urte amaiera honetan uste baino gehiago dute jokoan.