Etxeko taldea izango da Alemania Eurokopan. Alemaniarrek, Espainiarekin batera, ia hamarkada batez futbola menderatu zuten posizio jokoaren bidez. Baina zelai erdiaren nagusitasuna, jabetza-kuota altuak eta amaiera-eremuetara iristeko posizio-abantailak barrutik bilatzearena atzean geratu dira azkeneko urteetan. 2014an munduko txapeldun izan ondoren, azken bi munduko kopetan ez zuen gainditu ligaxka, eta 2020ko Eurokopan, final-zortzirenetan esan zuen agur. Zein izango da Alemaniaren proposamen berria?
Ikusi gehiago
Zabaltasuna eta eraso-hegalak
Julian Nagelsmanek hartutako lehen neurrietako bat Kroos berreskuratzea izan zen. Alemaniak azken urteotan atzetik motzean ateratzeko erakutsi duen kalitate-defizita konpontzeaz gain, selekzioa paradigma berrira egokitzeko funtsezkoa da. Egungo futbolak desoreka eskatzen du, buruz burukoetan ondo moldatzen diren jokalariak aukeratuz. Alemaniak baditu, hain zuzen ere, Musiala eta Wirtz, baina norbaitek aurkitu behar ditu. Hori da Kroosek lortzen duena: pase luze baten bidez, urruneko hegalarekin konektatzen du bere taldea kontrarioaren zelaian finkatzeko.
Formula bera
Titulua irabazteko hautagai guztiek patroia errepikatzen dute. Luis de la Fuentek Nazioen Liga irabazi zuen Asensio eta Yeremy Pino hegal faltsuak zirela, barrutik kokatzen baitziren aspalditik Espainiak egin duen moduan. Baina badirudi Yamal eta Nico Williams hamaikakoan agertuko direla. Gazteak eta desorekatzaileak dira biak. Zer esanik ez Dembeleri eta Mbapperi buruz. Aitzindaria izan zen eta talentuagatik beti irabazi beharko luke Frantziak, baina zaila da jakitea zer espero haiengandik.
Berdintsuak dira Foden eta Saka ere. Gareth Southgatek, bere 1-4-2-3-1 famatuko hiruko lerroa osatzeko, Bellingham dauka. Hauxe da, agian, Espainiak Ingalaterra, Alemania (Guendogan) edo Portugal (Bruno Fernandes) bezalako selekzioekin duen alderik handiena: ez dauka bigarren lerrotik gola egiteko iristen den futbolari diferentzialik.
Portugal berria
Faboritoen artean, Portugal da desberdinena. Roberto Martinezek Ruben Dias baloi irteeraren zutabe bihurtu du, Palinha euskarrian finkatu du, eta egiteko berria eman dio Cristiano Ronaldori. Abiapuntua 1-4-1-3-2a izanik, partida plana aldatzeko gaitasun handiena duen selekzioa da, baita posizio guztiak hobekien bikoizten dituena ere.
Ezustea emateko prest
Zalantzarik gabe, Ukraina da. Bere belaunaldi gaztea finalerdietara iritsi zen 2023ko 21 urte azpiko Eurokopan. Aipatu ditugun osagai guztiak ditu: kanpoko errailetan desoreka sortzeko jokalari trebeak (Tsigankov eta Mudrik) eta elkarren kontra lehiatuko diren bi aurrelari handi, Yaremtxuk eta Dobvik. Gaztetasuna, talentua eta aldarrikatzeko gogoa dira bere argudio nagusiak.