mikel reina
Hirukotik

Aldeak eta finalak

2025eko apirilaren 16a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Betidanik argigarria egin zait saskibaloian dauden aldeak: herrialdeak, txapelketak, mailak... baita genero desberdintasuna ere. Azken hori urtero egiten zait deigarri, inoiz baino argiagoa baita; denboraldian zehar ez dago astirik ezertarako.

Epeak

Hain zuzen ere, daten kontua da, horrek atzean dakarren guztiarekin. Emakumezkoen ligan, adibidez, larunbatean jokatuko dute azken jardunaldia. Gizonezkoetan, berriz, beste zazpi partida falta dituzte jokatzeko; hau da, batean liga amaituko da, eta bestean oraindik ez dira kanporaketak hasiko. Euroligan, Pragak irabazi du Seiko Finala. Aurrekanporaketa jokatu ondoren, Schio, Fenerbahce eta Mersin kanporatu ditu; hau da, hautagai nagusiak. Natalia Hejkova entrenatzaileak ia 40 urteko ibilbidearen ostean, ate handienetik esango dio agur aulkiari. Ez dago modu hoberik.

Agian, bestelakoetarako bai egon daiteke. Hain zuzen ere, ez zait oso normala iruditzen horrelako aldeak egotea egutegian. Eta bai, aurten emakumezkoen Europako Txapelketa jokatuko dute, baita gizonezkoena ere, baina urteroko kontua da, ez da urte berezi bat. Gizonezkoetan atzo hasi zituzten Euroligako play in kanporaketak. Abu Dhabiko Lauko Finala maiatzaren 23tik 25era jokatuko dute. Egoitzaz ere beste egun batean hitz egin dezakegu. Hor ere aldeak daude.

Moduez hitz eginda, oraindik fase erregularreko azken jardunaldietan egun eta ordu berdinak ez jartzeak harritzen nau. Harritu ere ez, are eta argiagoa delako zerk, edo nork agintzen duen. Hobe da produktua ondo saltzea, produktua bera ondo zaintzea baino. NBAn ere gauza bera egiten dute, baina bertakoak ez nau harritzen. Azkenean, batzuk besteei formatuak kopiatzen dizkiete. Play in formatuak, adibidez, partida bakarreko kanporaketak eskaintzen ditu. Bestela ez litzateke aukera hori egongo. Emakumezkoen Euroligak ere eskubaloitik hartu du gehiago seikote horren eredua.

Forma

Nire ustez, finalak partida bakarrera dira. Ez dut besterik ulertzen. Zazpi partida gehiegi iruditzen zaizkit, ordurako osasun fisikoa eta mentala oso desberdina izan daitekeelako. Joan-etorriko formatua ez dut berez gustuko, are gutxiago final baterako. Baina horrela jokatu beharko du Bilbo Basketek gaur hasiko duen FIBAren Europako Kopako finala. Gainera, kantxa faktorea aurka izango dute bizkaitarrek. Eta Tesalonikako PAOKen kantxa ez da edozein. Horregatik, Bilbo Arenako partidak berebiziko garrantzia har dezake.

Hala ere, emaitzek ez dute erakusten hainbesteko nagusitasunik Grezian. Are gehiago, Choleten aurka etxeko partida galdu zuten greziarrek. Hau da, giroa izugarriagoa izango bada ere, ez du esan nahi taldeari onik egiten dionik. Batez ere, Jaume Ponsarnauren taldeak erregulartasuna lortu behar du bere jokoan. 80 minutuko partidetan minutu bakoitza da garrantzitsua. Etxean errazagoa izan daiteke, Miribillak aspaldiko sarrerarik onena izango baitu. Ez da gutxiagorako, Bilbo Basketen historiako Europako bigarren finala da. Europako aste bitarteko partidetan beti da zailagoa bazkideak erakartzea, baina Aste Santuko oporrak tarteko, batzuentzako errazagoa izan daiteke.

Jaiegunak

Hori bai, alde onetik ikusita, jaiegunak izatekotan, saskibaloizaleek aukera bikaina dugu hainbeste maite dugun kirolaz gozatzeko. NBAn ere play in kanporaketak jokatzen ari dira. Liga erregular amaigabea alde batera utzita, orain hasiko dute askok benetako denboraldia. Gainera, otsaileko mugimenduen ostean talde askok joerak aldatzea lortu dute: Golden State Warriorsek, Los Angeles Clippersek eta Los Angeles Lakersek, esate baterako. Lau kanporaketa daude ziurtatuta: Clippers-Nuggets eta Lakers-Timberwolves mendebaldean, eta, Pacers-Bucks eta Knicks-Pistons ekialdean.

Espainiako Ohorezko Mailako lau euskal taldeek asteburuan amaituko dute aurtengoa. Araskik eta IDK-k asko dute jokoan. Gipuzkoarrek irabazi beharra dute Lugon, eta gasteiztarrek ere hobe etxean irabaztea. Ardoik eta Gernikak derbia jokatuko dute, baina ez batak, ez besteak ez du ezer jokoan.

Hemen bakoitzak bere finalak jokatzen ditu, alde barik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.