mikel reina
Hirukotik

Aldapak eta itzuliak

2025eko urtarrilaren 22a
05:05
Entzun

Gogoko lekuan aldaparik ez dagoela diote. Urtarrilekoa bereziki gogorra izaten da, ordea. Gabonen ostekoa, bazkariak eta afariak, opariak, dirua xahutzea... gauza asko elkartzen dira urtarrilean.

Derrigortasuna

ACB ligan, adibidez, lehen itzulia amaitu da. Orain hasiko da benetako malda, bigarrena, normalean askoz gogorragoa izaten dena, batez ere, lehen jardunaldietan. Berdintasuna da nagusi sailkapeneko toki guztietan. Fitxaketak ere etengabekoak dira egunotan, alde batetik zein bestetik. Bakoitzak bere helburuak izango ditu, bere aurreikuspenak, baina betetzeko derrigortasuna dute denek ala denek. Eta batek baino gehiagok ez ditu beteko.

Baskoniak ez ditu bereak bete. Eta txarrena da dagoeneko ez dela albistea. Normaltasunaren barruan kokatu da Espainiako Koparako ez sailkatzea; azken sei urteetan laugarren aldia da aurtengoa. Hori aski ez, eta kanporaketetarako sailkatzeko ere asko borrokatu beharko du Pablo Lasok zuzendutako taldeak. Argi dago Euroligako taldea inoiz baino gehiago sufritzen ari direla ACB ligan; nekeak eta motibazio faltak eragin zuzena dauka horretan. ACB liga, gainera, Europako ligarik indartsuena da; Grezian adibidez ez dute hainbesteko arazorik.

Valentziak, Unicajak edota Tenerifek ere Europako txapelketak jokatzen dituzte, izan Eurokopa edo Txapeldunen Liga. Baina lehiaketa horiek ez dute antzik Euroligarekin. Exijentzia maila bestelakoa da, maila egon badago, baina, esate baterako, ez daude aste bitarteko jardunaldi bikoitzak. Ez da kasualitatea ACB ligako taldeak Europako edozein txapelketako azken kanporaketetara heltzea, edota irabaztea. Iazko Txapeldunen Ligako Lauko Finaleko lau taldeetako hiru ACB ligakoak izan ziren. Gainera, orain Euroligako taldeak ez dira hamabi jokalari baino gehiago dituzten talde bakarrak. Hori ere aipagarria da, agian beste kalitate batekoak, edo ez, baina errotazioak egiteko eta nekea banatzeko garrantzitsuak dira. Kontua da gehiegizko jokalari horiek gutxieneko maila bat izatea. Ez gara oso urruti joan behar; adibidez, Lasok ez ditu Savkov, Raieste edota Ndiaye ia erabiltzen. Kupoak betetzeko daude batez ere.

ACB ligako batez besteko maila igo egin da, baina, batez ere, Euroligako taldeen maila jaitsi da ACB ligan. Denboraldia luzea baita, eta azkenean betiko taldeak ariko dira garaikurren borrokan. Real Madril, adibidez, bigarren dago dagoeneko. Hori bai, Bartzelona zortzigarren bezala sailkatu izanak bestelako kanporaketak eskainiko ditu Kopan, eta ez da gutxi. Betiko binomiotik alde egiteko aukeraren bat egon badagoelako, nahiz eta txapelketa bera gero oso desberdina izango den. Partida bakarrera edozer pasa daitekeen teoria nagusitu ohi bada ere, motibazioa ere bestelakoa izaten da. Badakizue zer esan nahi dudan.

Berdintasuna

Ligako exijentzia mailak gora egin izanaren beste arrazoi bat da talde igo berriek aurrekontu handiagoak dituztela. Eta batez ere, ez dagoela aurkari ahulik. Girona zen duela hilabete bat atzean geratzeko arriskuan geratu zen bakarra, baina entrenatzailea aldatu eta fitxaketa pare batekin hiru garaipen lortu zituen jarraian. Zazpi talde daude bi garaipenen aldean, eta horietako bat Bilbo Basket da.

Bilbotarrek, nahi baino beranduago heldu bada ere, fitxatu dute. Omar Silveriok debutatu orduko Kristian Kullamae jokatzeko zegoen, baita Xavi Rabaseda ere. Europako Kopako hurrengo faserako sailkapena ziurtatuta izanik, Choleten aurka jokatuko dute lehen postua bizkaitarrek urtarrilaren 29an, Frantzian. Miribillan zazpi puntugatik irabazi zioten, beraz, lehia zuzenean, abantaila txiki hori izango dute final-laurdenetara begira aurkari samurrago bat izateko.

Hala ere, Jaume Ponsarnauk behin eta berriz errepikatzen duen bezala, bilbotarren helburu nagusia ACB ligako hamasei talderik onenen artean sartzea da. Bai, ez zortzi onenen artean, ez kanporaketetarako borrokan egotea, sailkapeneko azken bi postuak saiheste hutsarekin nahikoa dute bizkaitarrek. Batez ere, bigarren itzulian finago aritu beharko dute partida estuetako azken minutuetan, lehia askok ihes egin baitiete baloia bero dagoenean; horrelakoetan, aurkariek ez dute barkatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.