Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Aldaketak

2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Emaitzetan, ez. Analisiaren izenburuak ez du zerikusirik aste barruko emaitzekin. Ezer gutxi aldatu baita gure hiru taldeei dagokienez. Azken asteburukoan kopiatzeko tekla sakatu dute, eta astearte-asteazkenean itsatsi gero. Bederatzi puntutik bakarra orain ere: uzta eskasa. Eta, duela lauzpabost egun bezala, Osasunari eskerrak ale bakar hori. Athletic eta Reala galtzaile berriz. Nekea, epaileak, hutsuneak, aurkariak...: emanda daude hiru partiden azalpenak. Nik beste zerbaiti heldu nahi diot hemen, eta horregatik jarri diot izenburu hori analisiari.

Hiru entrenatzaile, bi eredu. Hiru talde, eta hiru entrenatzaile dauzkagu, jakina. Jose Luis Mendilibar, Marcelo Bielsa eta Philippe Montanier. Hirurak ezberdinak, normala den bezala. Bakoitza bere ezaugarriekin; onekin eta txarrekin, pertsona denen antzera. Hiru dira, baina aldaketen alorrean bi eredutan banatzen dira: euskal herritarrak eta argentinarrak edozein unetan egiten dituzte aldaketak; Montanierrek bigarren zatian egiten ditu egiten dituenak. Eta Realekoaren inguruan egundoko eztabaida dago aldaketak egitearen kontura.

Zerbait oker badago... Entrenatzaileak erabakiak hartu behar ditu. Partidaren aurretik, partidan bertan, eta partidaren ondoren. Horretarako dago. Eta erabaki horien barruan sartzen da aldaketak egitea partidan. Begira egoten da entrenatzailea. Begira, gauzak ikusteko. Lasaiago edo urduriago, bakoitzaren izaeraren araberakoa izaten da. Baina ikusi egin behar du. Begiratu, ikusi, aztertu eta erabakiak hartu. Bere taldea ikusi behar du. Aurkaria ikusi behar du. Ikusi behar horretan, batzuetan zerbait oker dagoela ikusiko du. Oker egotearen neurria zenbatekoa den, berak aztertu behar du. Taldeari eragiten dion kaltearen arabera hartu beharko ditu erabakiak. Baina hau garbi dago: zerbait oker dagoenean, zuzendu egin behar du. Bide bat aldaketak egitea da: aulkiko bat zelaira, zelaikoa aulkira. Beste bide bat da halako aldaketak egin gabe zerbait aldatzea: jokalaria(k) lekuz aldatu, hasierako marrazkia eraldatu... Baina bide bat hartu edo besteren bat, zerbait egin behar du entrenatzaileak.

Ez da erraza. Partidan zehar, lasai ez beste edozein egoeratan egon ohi da entrenatzailea. Baina gai izan behar du urduritasun eta egonezin horretan ere, burua ahalik eta lasaiena edukitzeko. Funtsezkoa da erabakiak hartzeko. Eta lasai egonda ere, hanka sartzeko arriskua hor egoten da beti. Nik uste erratzeko beldur horrek eragina duela batzuengan, eta oso ziur egon arte ez dituztela hartzen erabakiak. Baina berandu izan daiteke ordurako. Norbaitek esango du orain entrenatzaileak dena eduki behar duela kontrolpean, dena argi eta garbi ikusi behar duela, eta partidak ondo ulertzeko gaitasuna ezinbestekoa duela. Azken ezaugarri hori edukitzea bada funtsezkoa, jakina. Baina beste biak... Izan ditzake gauzak argi, baina erabakiak zelaian hartu behar dira, partida jokoan dela, tentsioa handia denean. Eta hori ez da erraza. Huts egin daiteke, eta egiten dute, Bielsak berak herenegun zintzo asko onartu zuen bezala. Entrentzailearen lana polita bezain zaila da, eta zailtasun horren barruan dago partidan hartu beharreko erabakiak hartzea. Ez da zaleak edo kazetariek uste duten bezain erraza izaten beti.

Kontrola edo askatasuna. Bistan da ona dela aldatu beharrekoa azkar aldatzeko gaitasuna edukitzea. Baina entrenatzaile batzuei ez zaie gustatzen hainbesteko kontrola izatea jokalariengan. Iruditzen zaie askatasuna eman behar zaiela, eta entrenatzaileak ez duela egon behar kontrolatzaile zorrotzaren lana egiten. Aldaketak egin edo ez egin zalantza horretan ere eragina dauka ezaugarri horrek. Adibidez: kontrolatzailea ez denak utzi egiten die jokalariei, eta atsedenaldira arte egoten da zain, zuzendu beharrekoa aldagelan zuzentzeko. Gureen artean, Bielsak egiten ditu aldaketa asko atsedenaldian, baina ez da ez delako kontrolatzailea. Jokalariari askatasuna eman behar horri, beste hau ere gehitu behar zaio: ez da atsegina jokalari batentzat lehen zatian aldatua izatea, edo aulkitik atera eta handik hamar minutura berriz ere aulkira bueltatzea. Halakoak egin zalea da Mendilibar. Zerbait oker ikusi orduko, di-da egiten ditu aldaketak. Montanierri gehiago kostatzen zaio aldaketak egitea. Partidak ondo ez ulertzea leporatzen diote, baina ez dut uste horregatik denik. Hori bai, aldaketen gaiak halako kalapita sortzen segitzen badu, bera egon daiteke aldatzeko arriskuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.