Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Akuilua falta!

2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Telebistari begira egon zaretenontzat etapa aspergarri samarra izango zela pentsatzen dut, baina ea asmatzen dudan gure sentsazioa azaltzen. Txakurraren jabearen irudia etorri zait niri burura; kalean egoten dira ba txakurrari sokatik tiraka jabeak, hura mugitu nahian... Ba txakur horien larruan sartu gara gehienok. Goiz sortu da ihesaldia, eta iristeko aukerarik ez zeukaten arren, oso-oso bizi ibili dira aurrean. Orain arteko ihesaldien artean azkarren ibili dena izan da, eta, ondorioz, tropelak ere bizitu egin behar izan du abiadura. Oso-oso etapa deserosoa izan da denontzat, eta nire kasuan hauxe izan da orain arteko egunik gogorrena.

Ingurukoekin hizketan hasitakoan jabetu naiz gehienok antzera gindoazela. Momentu batean, txantxa giroan, Luis Angel Mate Cofidiseko andaluziarrari esan diot ondo iruditzen zaidala txiza egiteko denborarik ez ematea, eta, behar izanez gero, bizikleta gainean bertan egingo nuela; baina jateko, behintzat, tarte txiki bat utzi beharko liguketela gehitu diot. Hain azkar gindoazen, zaila zen maillotetik janaria ateratzea eta zer edo zer jatea. «Ez zaitez kexatu, gutxienez ez gaituzte-eta jotzen!», erantzun dit berehala. Barrez lehertu gara biok, norbait atzetik akuiluarekin joatea bakarrik falta zitzaigula pentsatuz. Baina, benetan diot, oso-oso etapa azkarra eta desatsegina izan da, eta batez besteko abiadurari begiratu besterik ez dago... Orduko 45 kilometroko abiaduran egin ditugu 218 kilometroak!

Zorionez, ihesaldian sartzea lortu du Romain Sicardek, taldeari presentzia emanez. Baina, zoritxarrez, iheskideak ez ziren nolanahikoak, eta ezin izan dio eutsi haien erritmoari. Oso burumakur iritsi da helmugara, egundoko egurra hartuta eta etsita. Egia da, agian, ez dagoela bere momenturik onenean, baina horrelako ihesaldietan sartzeko eta protagonista izateko nahikoa maila badauka. Azken urteotan hanka batean izan dituen arazoen eraginez, ordea, mailarik onena berreskuratu ezinik dabil.

Ahal dugun neurrian, Sicard animatzea besterik ez zaigu geratzen guri. Oso taldekide fina da, lagun ona. Asko maite dugu. Oso xelebrea da; zentzurik onenean, noski. Eta, askorik hitz egiten ez badu ere, taldea animatzen duten horietakoa da. Behin etapa amaituta, autobusean elkarrekin hizketan joaten gara gehienok, baina berak ez zeukan jateko gogorik ere. Egin zezakeen okerrena horixe zela esan diogu, ez jatea eta indarrak ez berreskuratzea. Ea burua altxatzen duen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.