Felipe Eizagirre.
ARRAUN-MINEZ

Akabo!

2015eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Arraunlariek ohi duten moduan, atzerako begiratua egitera noa; ez baita gaurkoa Cabo da Cruzeko arraunlariak estropada bukaeretan aurten erakusten ari diren gaitasun harrigarria. Gogoan dut 2006an lehia estua izan genuela zarauztarrok boiroarrekin, liga hasi eta buka, azkenean gu atzetik puntu bakarrera geratzeraino. Eta hain justu orduan, bukaeran, jakin genuen zein den haien sekretua. Berandutxo.

Batzuek diote azken luzean gora egiten dutela; besteek, ezetz, ez dela gora egiten dutelako, behera egiten ez dutelako baizik; galiziarrak izaki, zailduak eta tematiak direlako dela ere oso zabaldua dago arraun munduan. Ez, ez, ez... euren sekretua sinpleagoa da.

Denboraldi hartako azken-hirugarren saioan, Bermeon, hasi ginen ohartzen egiaz. Hirugarren ziabogatik etxeko traineruarekin bateratsu irten ginen, eta Cabo zortzi segundo atzetik zetorren. Urdaibai gure estribor aldean genuen eta txanda bi urdinon artean zegoela uste izanda, buruz buruko azken txanpa bizian hasi ginen bi taldeok. Azkeneko palakadetarako txopa erakutsi genien bizkaitarrei; baina, txanda geurea zela dastatzen hasterako, han non azaldu zitzaizkigun ababor aldetik, guk ere ez genekien nondik, garrasi festa batean, gorrizko hamalau espartar! Esan beharrik ez txanda zeinek irabazi zuen.

Ligaren azken asteburua iritsi eta galtzeko ezer gutxi izanda, «guk ere horixe probatu behar diagu ba!», bota zuen taldekide batek Pedreñako estropadaren atariko kafetxoan. Iritsi zen hirugarren ziaboga: gu aurretik eta Cabo bigarren, bost segundora. Beti bezala atzetik aurrera ia gainean genituenean, aurrez hitzartutakoari ekin genion guk: oihu eta oihu! Arraunean negargarri, baina oihu! 22 ehuneko eskasengatik ez gintuzten pasatu. Akabo sekretua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.