Ane Pescador.
Arrauna. IRITZIA

Ahizpatasuna

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Inork baino hobeto dakizu bizi erdi batez zure ametsak betetzeko egin behar izan duzun esfortzua. Memento ederrak egon dira, baina une zail eta gogorrak ere bai. Baina beti irribarrez eta indarrez ekin diozu aurrean zegoenari. Goitik beti begira zenuen izarrak eman dizkizu sarritan aurrera egiteko indarrak.

Zure izaera borrokalariak gorenera iristera eraman zaitu. Arrauna baino askoz gehiago egin duzu ahizpatasunez jokatu duzulako beti, behar zuen oro laguntzen eta entzuten, uretan eta uretatik at zure taldea hobe bihurtzen.

Burugogorra eta lehiakorra zara, baina beti eduki duzu argi bidearekin gozatzea zela garrantzitsuena. Emakumezkoen arrauna indartzen jardun zara, arraunaren historia idazten, datozenei leku hobeago bat eraikitzen.

Erabaki gogorra izan zen arrauna utzi behar izatea, eta are gogorragoa zurekin tostak elkarbanatzen ezin jarraitzea. Zorionez, zuri esker, arrauna barrutik bizitzeko eta sentitzeko aukera eduki dut, zu estropadaro ikusten, zu entzuten, zu animatzen... Zure une gogor bakoitzak astintzen ninduen, baina, gero, miresmena besterik ezin nuen sentitu zu horiei aurre egiten ikusita.

Kontxan zure azken palakadak izango ziren susmoa nuen. Eman zenuen palakada bakoitzeko ontzi barruan sentiarazi ninduzun. Kronoak apurtu, edozein arraunlariren banderarik preziatuena berriro lortu eta bihotza pozez beteta utzi gintuzun etxekoak.

Zure azken garaipena eta inork imajina ezin ditzakeen ezkutuko hamaika hitz eta emozio elkarbanatu genituen besarkada batean. Amaierak tristura handia ematen didan arren, arraunaren harra beti barruan izango duzu eta historia idazten jarraituko duzun susmoa daukat.

Eskerrik asko nire konplize eta bidelaguna izanagatik. Eskerrik asko emakumezkoen arrauna leku hobea bilakatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.