Garaia da. Agur esateko unea iritsi da. Ez gero arte, ez. Agur. Joateko tenorea da. Eta ez itzultzekoa, gehienetan. Amaitzen ari da denboraldia, eta oraintxe da momentua. Doazenak joan egingo dira. Hasi dira joaten. Agurtu egin dituzte. Omenaldi hunkigarriak ere bai zenbaitetan. Adio esateko asteburua izan da aurrekoa. Eta hurrengoa ere halaxe izango da.
Presidentea eta artista. Astearen barruan, negar malkotan kazetarien aurrean. Asteburuan, lasai ederrean futbol zelaietako eserleku erosoenean eta deserosoenean: palkoan. Sadar estadio zaharrean. Bati agur, eta besteari irribarre. Albokoari besarkada, eta beste aldekoari begiak itxiz keinua. Horra Patxi Izko, bi aldarte oso desberdinetan, aste berean. Nekatu egin da, eta badoa. Joan behar zuena baino bi urte lehenago. Etorriko da presidente berria. Larunbatean, zelaiaren gainean, benetako futbolaren etxean, beste agur bat. Taldekideen artean, gora eta behera. Zaleak txaloka. Raul Garcia ere badoa. Etxetik etxea ez duenera, baina bere garaian bere etxe izatea erabaki zuen horretara: Atletico Madrilera. Kontratuen kontuak eta letrak. Denboraldi baterako itzuli zen benetako etxera, jaiotetxera, utzita, ustezko etxe loriatsuagoan tokirik ez duela eta. Orain, itzuli egin behar nahi ez dutenengana. Edo nahi ez zutenengana. Egin duen denboraldi puska eginda, orain berriz ere erdilaria nahi izatea ere ez litzateke harritzekoa izango eta. Denak emanda doa. Denetik, eta onetik ia denetik. Golak sartu ditu, goleko paseak eman, taldearen argia izan da... Badoa Jose Luis Mendilibarren kutuna. Agur ala gero arte?
Kapitaina eta entrenatzailea. Azkeneko aldiz joan zen taldearekin kanpora joan zen asteburuan. Azkeneko bidaia. Emaitzagatik ez du gogoan izango hemendik urte batzuetara. Baina horrek ez du bueltarik. Orain, larunbat honetan, agurrik zailena geratzen zaio. Bere zaleen aurrean. Bere estadioan. Mereziko luke aparteko zerbait antolatzea klubak. Berari asko gustatuko ez zaion arren. Nahiagoko baitu isilean alde egin. Agur honek bai ez duela gero arterik izango. Badoa Mikel Aranburu futbolaria. Betiko. Beste agur batzuk ere izango omen dira. Taldekide zenbaitek ere agur. Zein izango diren asmatu egin behar da, ordea. Ez baita ezer garbirik. Susmoak eta asmakizunak baino ez. Eta asmatzen zailenetakoa ez da jokalari batena izango. Asteon klubak zerbait esan ezean, galdera ikurra aulkian dago. Agur esango al dio klubak entrenatzaileari? Ala Philippe Montanierrek berak esango dio agur klubari?
Ordezkoak eta eredugarriak. Izan zitezkeen Lezamako zelaien zaintzaileak. Izan zitezkeen instalazioen garbitzaileak. Lan isila edo lana isilean egiten duten horiek. Baina ez, jokalariak dira. Langileak horiek ere. Pribilegiatuak, baina langileak. Taldekideen besoen artean agurtu zituzten bi hauek ere, Iruñean Raul Garcia bezala. Koikili eta Gabilondo. Isilean egon dira, jokatu ez duenak zaratarik ez duelako atera ohi. Zelaian ez, behintzat. Hortik kanpo, beste kontu bat izaten da. Baina ezker hegaleko biek ez dute txintik esan gutxi edo ia ezer ez jokatu dutela eta. Publikoki, bederen, isilik egon dira. Eredugarria izan da, alde horretatik, bien agurra. Marcelo Bielsak berak ere, biek ez jokatzearen erabakiaren hartzaileak entrenatzailea den aldetik, eskerrak eman zizkien jendaurrean, jarrera eredugarria izateagatik. Iritsi ziren bezala doaz. Isil-isilik. Baina lan ona eta handia eginda. Eta ikasgai polita eman dute, ikasi nahi duenarentzat, hori ikasteak derrigorrezko hezkuntza izan beharko bazuen ere: gutxi jokatuagatik, taldearen mesedetan lan itzela egin daiteke, norbere interesak taldearen azpitik utziz.
Azkarregi. Agur esan duten horiek denak orain zaleen gogoan egongo dira. Eta orain hori askoz gehiago murriztu daiteke: omenaldien unera, hain zuzen. Izan berez sortutakoak (Raul Garciarena eta Koikili eta Gabilondorena), izan antolatutakoak (Aranbururena). Futbolak dena irensten du. Azkar asko, gainera. Azkarregi. Oraina iragana da segituan. Iraganik ez dago. Eta geroa oraina da konturatzerako. Gaur, orain eta hemen. Horixe bilakatu da futbola. Agurrek sakonagoak izan beharko lukete, hausnarketarako lekua egin beharko litzaieke, doazenen ibilbidea lasai eta patxadaz aztertzeko. Eta aztertuz, ikasteko.
Aulkitik begira
Agurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu