Euskaldunak
Lehen hamarretan zenbat txirrindularik amaituko zuten galdetu genuen hasieran. Azkenean bakarra izan da: Alex Aranburu. Hasi eta buka, bikain aritu da Ezkio-Itsasoko txirrindularia, polemikaz inguraturiko garaipen eta guzti. Ion Izagirrek eta Pello Bilbaok ezin izan dute dena eman, erori izanaren ondorioz. Unai Iribar izan da ezusteko gutxietako bat. Garai hobeen esperoan.
Antolakuntza
Aurten ere ika-mika izan da etapetako batean, Beasaingo biribilgunea ez baitzegoen behar bezala seinaleztatuta, eta azken orduko aldaketaren berri ez baitzuten behar bezala eman. Pilatzen ari dira akatsak, eta ez dio batere onik egiten ez Itzuliaren irudiari, ez euskal txirrindularitzari.
Ibilbidea
Hasiera oso kaxkarra. Buesa Arena hutsik zegoen, ilun. Herritarrengana hurbildu egin behar du Itzuliak, ez interes jakin partikularretara makurtu. Gainerakoan, ohiko ibilbide bihurri, gorabeheratsu eta erakargarria, batez ere Zarauztik Beasainerakoa, eta Gernika-Lumon amaiturikoaren azken erdia. Baina agian garaia da bestelako etaparen bat ere diseinatzeko, Ipar Euskal Herriko zein Nafarroako Pirinioetan serio barneratzeko...
Izen propioak
Joao Almeida faborito iritsi zen, eta ez du hutsik egin. Lider sendo agertu da. Ben Healyk etapa gogoangarria bururatu zuen herenegun. Gaur Paristik Roubaixerakoa. Zail du oso Pogacarrek, baina, irabaziko balu, aukera gehiago legoke hurrengo urtean Itzulian izateko… Irabazteke du-eta.
P. D. Txirrindularitzak askorako ematen du, lehiaketaz haraindi.