Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala. Analisia

Abel hor egongo da

2014ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Inbidia pasatuko dut gaur. Berriz ere binakako final batean, eta berriz ere irrati esatari. Ez dut ukatuko halako egunetan oroitzapen gozoak datozkidala; finala barrutik ezagutu duen pilotari orori pasatuko zaio. Baina, tira, orain finalak jokatzea bainoago, aztertzeko eskatzen didate. Faborito Olaizola II.a eta Aretxabaleta jotzen dituzte, eta logikoa iruditzen zait. Biek euren jokoa erakutsiz gero, asko dute irabazia. Aretxabaletak presioari eutsiko dion izan daiteke dudetako bat, eta nik uste baietz, eutsiko diola.

Aretxabaletari begiratu, eta neure burua ikusten dut. 26 urterekin jokatu nuen nik lehen txapelketa, eta berak, 21rekin; baina alderaketak egin daitezke. Zure maila emango duzun, horren inguruko zalantzak, pilotari handi batekin... eta konplitu du. Ondo baino hobeto. Are gehiago, jotzailea ez dela diotenei ere aurre egingo diet, urrun jartzen baitu pilota. Agian ez bortitz, baina badu luze jartzeko erraztasuna, eta horrek asko balio du. Bion arteko aldea, finaletan behintzat, hau da: bera faboritoa dela, eta ni ez nintzela. Horrek eragiten du, sinetsidazue. Eta faborito da Olaizola II.a duelako alboan. Beste galaxia batekoa dirudi; harrituta nauka belauneko lesio osteko boladarekin.

Hobeto ezagutzen ditut Barriola eta Irujo, nire kide ohiak. Niretzat Abel eta Juan. Juan ataka zailean dago, ez baita erraza eskuko minez jokatzea. Baina berak egin dezake, dituen errekurtsoei esker. Eskuinarekin min handia egiten du, zuloak irekiz. Ez dago azken bi partidak gogoratzea baino. Eta ezkerra ezin badu erabili... hor egongo da Abel, pareta zaintzen. Inork baino hobeto egiten du hori. Egia esan, kidearen gabeziak estaltzeko bikotekide aproposa da. Harritzekoa da duen ibilbidearekin inoiz ez jokatu izana binakako finala. Duela hiru urte ez zioten utzi eta poztuko nintzateke irabaziko balu. Behetik gora egin du txapelketan eta orain dago hobekien. Bere burua dosifikatzen daki, eta ziur nago ligaxkan tako gehiagorekin jokatu zuela orain eskuak primeran izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.