Anaitasunak mailari eutsi dio, Antequerak Logroñon galdu duelako

Nafarren eta Huescaren arteko partida bertan behera geratu da atsedenaldian, itogin batengatik

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Helvetia Anaitasunak beste urtebetez jarraituko du Asobal ligan. Iruñeko taldeak atzo ziurtatu zuen helburua, Antequerak Logroñon (Espainia) galdu zuelako. Liga bukatzeko hiru jardunaldi falta direla, zortzi punturen aldea du Anaitasunak Antequerarekiko, beraz, nafarrek lasai har dezakete arnasa, sasoiko helburua bete baitute.

Antequeraren porrotak lasaitasuna ekarri zion nerbioz betetako arratsaldeari. Izan ere, Anaitasunak bere pistan Huescaren aurka jokatu beharreko partida bertan behera geratu zen atsedenaldian, itogin batengatik. Itogin horretatik ur tanta mordoa jauzi zen pistara, eta horrek arriskutsu egin zuen jokalarien jarduna. Hori ikusita, epaileek partida bertan behera uztea erabaki zuten, Huesca 12-15 aurretik zenean.

Asobal ligako beste euskal taldeak ere, Amaya Sport San Antoniok, galdu egin zuen, 29-25 Guadalajararen aurka. Juanto Apezetxeak entrenatutako taldeak ez zuen ezer jokoan, aspaldi ziurtatu baitzuen beste urtebetez maila nagusian aritzea. Guadalajarak, ordea, garaipena behar zuen helburu hori lortzeko. Eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, premia gehien zuenarentzat izan zen garaipena. Partida nola hasi zen ikusi besterik ez dago bakoitzaren jarreraz konturatzeko: etxeko taldea 8-1 aurreratu zen. Gero suspertu egin zen San Antonio, baina ez Guadalajararen garaipena arriskuan jartzeko lain.

Kukullaga, jaitsieratik gertuago

ABF ligan, berriz, jardunaldi biribila izan da euskal taldeentzat, hirurek irabazi baitute. Kukullagak 28-24 hartu zuen mendean Gijon azken sailkatua, baina jaisteko postuetan da oraindik, Castrok Elxi irabazi baitzion. Azken jardunaldiaren faltan, Espainiako taldeak bi puntu ateratzen dizkio Kukullagari. Beraz, bizkaitarrek Itxakoren pistan irabazi behar dute derrigor, eta Castrok Gijonen galtzea, azkenaren pistan.

Bizkaiko taldearen estutasunen arrastorik ez dute Itxakok eta Bera Berak. Biek etxetik at irabazi zuten: nafarrek 22-37 Murtzian (Espainia), eta gipuzkoarrek 27-32 Eldan (Herrialde Katalanak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.