ESKUBALOIA. Anaitasunak partida handia izango du gaur, Espainiako Kopako hirugarren kanporaketan. Nafarrek Ademar Leon hartuko dute etxean (20:00), eta, irabaziz gero, Santanderren jokatuko den azken fasean izango dira. Bartzelona, azken garailea, eta Blendio Sinfin, etxeko taldea, sailkatuta daude jada. Beste sei taldeak jakitea besterik ez da falta. Hirugarren fasera iristeko, Port Sagunt kaleratu zuten aurreko fasean nafarrek.
Partida parekatua izatea espero da, Asobal ligako bi taldeek elkarren aurka jokatu dituzten partidak halakoxeak izan baitira. 29-27 irabazi zuen Anaitasunak Iruñean lehenengo, eta, ondoren, Ademar Leonek eskuratu zuen garaipena Leonen: 32-31.
Bestalde, Espainiako Ohorezko Mailan, hiru euskal taldeek jokatuko dute gaur. Bera Berak BM Aularen aurka jokatuko du Valladoliden, Beti Onak taldeak Ro'Casa hartuko du etxean, eta Zuazok Gijoni egingo dio bisita. Hiru partidak 20:00etan jokatuko dira.
Anaitasunak Kopako azken fasea du jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu