Ander Izquierdo. Anaitasunako jokalaria

«Anaitasuna nire bigarren etxea da. Falta sumatuko dut»

Bere «betiko kluba» utziko du Izquierdok sasoiaren amaieran. Atzerritik jasotako eskaintza onartuta, maiatzean amaituko du Anaitasunako aldia: «Lortutakoa taldekideei esker lortu dut».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ander Izquierdo Labaienek (Atarrabia, Nafarroa, 2000) bere bizitzako harroinetako bat du Anaitasuna. Zazpi urterekin hasi zen klubean, eta 22 beteta utziko du, datorren maiatzean. Harrobikoak «bide berri bati ekiteko erabakia» hartu du, baina Iruñeko klubari oso esker ona agertu dio.

Sasoi amaieran Anaitasuna utziko duzula iragarri duzu. Zer sentipen duzu?

Urduritasuna eduki dut. Lehengo egunean pisua kendu nuen gainetik, eta hobeto sentitzen naiz. Asteak luze egin zaizkit, berria ezin nuelako argitaratu. Askoz lasaiago nago orain.

Hamalau urte klubean. Zure bizitzaren zatirik handiena egin duzu Anaitasunan.

Bai. Hamalau urteak oso politak izan dira. Pertsona pila bat ezagutu ditut, gaur egungo nire lagunak direnak. Txikia nintzenetik asko lagundu nau familiak, eta esperientziak asko izan dira.

Asko kostatu al zaizu kluba uzteko erabakia hartzea?

Pila bat. Ez dut egun batetik bestera erabaki, eta pertsona askorekin hitz egin dut. Aste luzeak izan dira. Gauza asko daude atzean. Azkenerako, erabaki hori hartu dut, baina ez nengoen oso seguru. Pertsona askoren iritzia entzunda erabaki dut pauso bat ematea, eta datorren urtean ez naiz hemen egongo.

Erabaki horretan alderdi sentimentalak eragina izango zuen.

Noski. Lehen esan duzun bezala, hemen dago nire bizitza osoa. Hemen ditut lagunak, familia... Gurasoekin bizi naiz. Gutxirekin konformatzen nintzen, baina horrelako trenak gutxitan pasatzen dira, eta hartu egin behar dira.

Jakinarazi duzunez, ez zara Asobal ligan ariko. Non jokatuko duzu?

Oraindik ezin dut esan zein izango den nire talde berria. Atzerrira joango naizela bai. Hor utziko dut.

Zer faktorek harrarazi dizu erabaki hori?

Faktore asko daude. Esperientzia berri bat bizitzeko aukera edukitzea, zerbait handiagoa lortzearen bila joan ahal izatea. Horrek hautsi du lokarria. Nire gurasoek lagundu naute: hartutako erabakia hartuta ere beren laguntza izango nuela esan zidaten. Horrela askoz errazagoa da.

Agur prentsaurrekoan, Mertxe Lopez Anaitasunako presidenteak esan zuen harrobiko gazteentzat «ispilua» zarela. Hitz politak eskaini dizkizute.

Bai. Mertxek, Carlosek [Garcia, kirol zuzendaria] eta Quiquek [Domingez, entrenatzailea] gauza politak esan zituzten. Asko lagundu naute, eta haien eskutik askoz errazagoa da horrelako gauzak egitea. Hitz horiek ez dira sarri entzuten, eta eskertzen ditut.

Kanpora joanda, bilakaera onean segitzea da helburua?

Hori da. Talde berrian gauza berriak ikasten saiatuko naiz, esperientzia berriak izaten. Jokalari eta pertsona gisa hazten segitu nahi dut.

Azken urteetan, Anaitasunaren erreferentea izan zara. Zer-nolako balorazioa egiten diezu han eman dituzun urteei?

Laburra izan da, baina pozik noa. Lortu ditudan datuak nire taldekideei esker lortu ditut. Azken hiruzpalau urteetan izan ditudan taldekideak eta taldea oso onak izan dira. Bai entrenatzaileak, baita jokalariak ere. Pertsona onak izan dira; haiekin harreman oso ona egin dut, eta horrek pozten nau gehien.

Noiz jabetu zinen lehen taldean bidea egin zenezakeela?

Hori gutxinaka ikusten da. Junior mailatik igarotzerakoan, ez nekien non jokatuko nuen, baina Iñakik [Aniz, entrenatzaile ohia] esan zidan lehen taldean egoteko aukera nuela, eta lortu egin beharko nuela. Nigan konfiantza eduki zuen. Gutxinaka-gutxinaka, gehiagotan jokatzen nuen, eta neure buruarekiko konfiantza ere lortu nuen. Hori pila bat nabaritzen da jokatzeko orduan. Egun batetik bestera ohartzen zara hortxe zaudela, eta ezin duzula utzi. Aprobetxatu egin behar duzula.

Egun, taldea zortzigarrena da Asobal ligan, sailkapenaren erdi-erdian zaudete. Zer diozu aurtengo sasoiaz?

Ni neu gustura nago taldearekin. Lesio luzeak izanda ere, lan ona egin dugu. Partidak aurrera atera ditugu. Egia da gauden baino gorago egon gintezkeela sailkapenean, baina uste dut ligako bigarren itzulia oso garrantzitsua izango dela. Hor ikusiko da Quiquerekin egiten dugun lana.

Lesioak izan dituzu hizpide. Zuk ere izan duzu, eta etzi ez zara Espainiako selekzioarekin joango. Pena duzu?

Bai, pena da. Lesioak ez dira espero izaten, baina heltzen direnean berri txarrak izaten dira. Ni hobeto nago; pixkanaka lantzen ari naiz, ariketak-eta egiten, bigarren itzulira iristeko. [Espainiako] selekzioan egotea oso zaila da, eta saiatu egin behar izaten da.

2018an igo zinen Anaitasunako lehen taldera. Ordutik, 78 partidatan 275 gol sartu dituzu. Zifra onak dira, ezta?

Bai, halaxe da. Baina, lehen esan dudan bezala, nire taldekideen laguntzarekin errazagoa da. Talde ona eduki dugu, eta, askotan, besteen lana ez da ikusten kanpotik. Halere, pozik eta harro nagonire datuekin.

Iduri du Anaitasunaren falta sumatuko duzula. Hala da?

Bai, eta ez Anaitasunarena soilik. Iruñearena ere bai, eta nire etxearena, eta lagunena, familiarena... Anaitasuna nire bigarren etxea da, eta falta sumatuko dut. Ordu pila bat igaro ditut han; udan ere joaten naiz, lagunekin, igerilekura... Ez da kluba soilik.

Beraz, beti Anaita-koa izango zara?

Bai. Lehengo egunean esan nuen abonua aterako nuela. Gertutik erreparatuko diet. Gurasoak ere partidak ikustera joango dira; aita jarraitzaile fidela da. Lagunak dira, azken finean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.